Itxi

telebista

22:15ean

'Entzierroa' film dokumentala, gaur, ETB1en

EITB.EUS

EITB

Olivier van der Zee zinemagile holandarraren dokumental honek urtero mundu zabaletik sanferminetara etortzen diren korrikalarien munduan murgilduko gaitu.

0:22

Entzierroa dokumentala eskainiko du ETB1ek, 22:15etik aurrera. Olivier van der Zee holandarrak zuzendutako lan honek Los Angeleseko New Media Film Festivalen 3D lanen saria irabazi zuen 2013an, eta baita Malagako zinema-jaialdian ere.

Urtero, uztailaren 7tik 14ra bitartean, goizeko zortzietatik aurrera, milaka pertsonak munduan dagoen ekintzarik arriskutsuenetako batean parte hartzen dute; Iruñeko sanferminetako entzierroetan, alegia. Ideia horren inguruan, dokumentala egin zuen Olivier van der Zee zinemagileak.

Akziozko filma da, emozio eta tentsio handikoa, biolentziaz, edertasunaz, dramaz eta heroismoz betetakoa. Ikuslea Iruñeko kalerik ezagunenetatik eramango du filmak, 600 kilogramoko zezenen adarren aurretik.

Urtero bertara mundu zabaletik etortzen diren korrikalarien pasarte eta anekdotak kontatzen dira. Beraiek badakite zezen plazara heltzeagatik ez dagoela inolako saririk, urtero zauritu ugari daudela, eta azken mendean 16 lagun hil direla, baina bizirik daudela sentitzeko egiten dute korrika, adrenalina sentitzeko.

Miguel Angel Eguiluz, Paco Sanchez, Miguel Reta, Joe Distler, Noel Chandler eta Julen Madina korrikalariek adrenalina maite dute, eta askotan izan dira entzierroetan. Dokumental honetan, beraien bizitzetan sartzen utziko diote ikusleari, lehen pertsonan arriskuaren bizipen horiek zer diren jakiteko. TVEn 22 urtez entzierroen ahotsa izan den Javier Solano ere ezagutuko dugu, eta Jose Antonio Jimeno sanferminetako entzierro batean izan den azken hildakoaren aitaren testigantza ere entzungo dugu. Daniel Jimeno 2009an hil zen.

Ez galdu entzierroak beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera hau! Gaur, Entzierroa dokumentala. 22:15etik aurrera, ETB1en.