Itxi

telebista

22:15ean

Lehenengo entzierroari begira, gaur gauean, 'Sanferminak 2015' saioan

EITB

Horrez gain, Joseba Asiron Iruñeko alkateari elkarrizketa egingo diote.

Gaurko 'Sanferminak 2015' saioak zuzen-zuzenean emango du sanferminetako giroaren berri, 22:15etik aurrera. Ilaski Serranok eta Julian Iantzik aurkeztutako saioan, jaietako lehenengo entzierroak tarte berezia izango du. Entzierroaren inguruko erreportajea ekarriko du Juan de la Vega kazetariak, eta, horrez gain, Julen Madina entzierroetako korrikalari ezagunak lehenengo entzierroa komentatuko du aurkezleekin batera, eta entzierroetan kontuan izateko aholkuak emango ditu.

Horrekin batera, Iruñeko Josu Santesteban argazkilaria izango da aurkezleekin, eta sanferminetako argazkirik onenak non eta nola ateratzen dituzten azalduko du. Halaber, entzierroetan berak ateratako argazki ikusgarrienak erakutsiko ditu.

Joseba Asiron Iruñeko alkatea ere elkarrizketatuko dute programan, eta, besteak beste, San Fermin egun handian nondik nora ibili den azalduko du.

Bestalde, Lesakako sanferminei keinua egingo die saioak, eta egun horretako zubi gaineko dantza famatua ikusiko dute.

Lierni Agirrezabala Iruñeko Hoberena peñarekin bilduko da zezen-plazara joateko kalejiran. Horrez gain, Euskalerria irratiak egun hauetarako prestatzen duen egitarau bereziaz mintzatuko dira Reyes Ilintxeta esatariarekin.

'Sanferminak 2015' gaur izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB1en.