Itxi

telebista

Denboraldi berria

Udazkeneko programazioa aurkeztu du ETBk

Entretenimendu saioekin batera, informazioak eta kirolak osatuko dute ETBren eskaintza datorren astelehenetik aurrera.

1:32

ETB, inoiz baino gehiago lelopean aurkeztu da ostiral honetan, irailak 11, ETBren udazkeneko programazioa. Telesail gehiago, freskotasun gehiago, sari gehiago, eztabaida gehiago, esketx gehiago, nobedade gehiago, zinema gehiago, kirol gehiago, gaurkotasun gehiago, lagun gehiago... topatuko ditugu Euskal Telebistak prestatu duen ikus-entzunezko eskaintzan.

ETB1

Udako oporraldien ostean, eta ikasturte berriari ekitearekin batera, Zuri Sorgina, Tor Magoa eta Gorritxo galtzagorri jostalari eta bihurria ETBko programaziora itzuli ziren joan zen astelehenean. 'Sorgintxulo' saioak euskaraz, mimoz eta umore onez esnatuko ditu Euskal Herriko neska-mutikoak. Lehiaketa, joko eta magia erakustaldi berriekin ez ezik, marrazki bizidunekin ere izango dute etxeko txikienek ondo pasatzeko aukera.

Zigor Iturreta sukaldari eta mendi-korrikalariak gastro-talk itxurako saioa eginez jarraituko du bazkalostean. Astelehenean ekingo dio 'Txoriene'k denboraldi berriari, elikadura osasuntsua eta janariarekin gozatzearen garrantzia aldarrikatuz. Jakiak prestatzeaz gain, solasak garrantzia handia izaten jarraituko du, eta gonbidatu eta atal ezberdinak izango ditu egunero. Denboraldi honetan, pertsona ezagunak izango ditu gonbidatu ostegunetan, eta ostiraletan, berriz, pintxoaren eguna izango da.

Maddalen Iriartek gidatzen duen 'Azpimarra' saioa irailaren 28an itzuliko da, berrikuntza ugarirekin. Aurten, Iban Garate eta Ilaski Serrano izango ditu lagun, eta estudio berria izango du laster. Kulturak toki zabala izango du, zientziak ere bai, eta ekonomia eta politikari buruzko solasaldiak egingo dituzte egunero. Franck Dolosor lankideak egunero emango du Ipar Euskal Herriko berri. Euskarari eta beste hizkuntzei buruz arituko dira, bidaiei tartea egingo diete, nazioarteko gatazka eta gertakarien tartea indartuko dute, eta musika ere izango dute. Albistegietako lankideekin harreman zuzenean, haiek kontatzen dituztenak azpimarratzen saiatuko dira arratsaldero.

Iluntzeko 'Gaur Egun' albistegiaren aurretik, irailaren 21etik aurrera, familia osoari zuzendutako lehiaketa berria izango da ikusgai ETB1en, Kike Amonarrizek gidatuta. 'Burubero'ren gai nagusiak Euskal Herriko lekuak, jendea eta kultura orokorra izango dira. Jende gehienarentzat ezagunak eta ohikoak diren gaiak eta edukiak erabiliko dira, espezializazioa edo gehiegizko zailtasunak saihestuz. Tonu umoretsua eta alaia erabiliko da. Bost lehiakidek jokatuko dute egunero, eta 1.000 euro eskuratu ahal izango dituzte. Egunero lehiakide bat kanporatu eta beste bat sartuko da, finalera iritsi eta zakua edo ahalik eta diru gehien irabaztea helburu.

Euskal gazteen artean arrakasta handia izan duen 'Gu Ta Gutarrak' saioak laugarren edizioa abiatuko du astelehenean, Julen Telleria gidari duela. Aurrekoetan bezala, neska-mutil talde batek aterpetxe batean igaroko ditu asteburuak, eta, ondoren, astelehenetik ostegunera, ETBko platoan kontatuko ditu han gertatutakoak.

Halaber, irailaren 28tik aurrera, astelehenetan, 'Goenkale' eskainiko da. Pausokak eta ETBk 21 urtez ekoitzitako telesailaren azken denboraldian, amodioak, desamodioak, traizioak, sorpresak eta emozioak izango dira nagusi. Aspaldiko pertsonaia batzuen ezusteko bisitak, familia arazo askoren amaiera eta luzaroan gordetako sekretuak ezagutzeko aukera izango dugu abendura bitartean ikusgai izango diren ataletan.

Pausokaren eskutik datorkigu astearteetan ikusgai izango den 'Aitaren Etxea' telesail berria ere. Euskal itsasertzeko herri batean dago girotuta, 1950. urte inguruan. Bertako herritarrek bat egin eta garai hartako baldintza gogorretan bizitzen asmatu beharko dute. Lehen mailako aktoreak ditu protagonista; besteak beste, Loreto Mauleon, Nagore Aranburu, Josean Bengoetxea, Kandido Uranga eta Felix Arkarazo.

'Zuek Hor!!' saioa irailaren 16an itzuliko da, berrikuntza askorekin. Ibon Gaztañazpi eta Marta Elvira izango ditu gidari, eta aktualitatea izango du ardatz. Elkarrizketak, musikak, umoreak eta kaleko erreportajeek osatuko dute asteazkeneroko emanaldia. Lehendik ezagunak diren pertsonaiak eta beste berri batzuk hezurmamituko dituzte Anjel Alkain, Aitziber Garmendia, Iker Galartza eta Ana Elordi aktoreek. Musikaren ardura, berriz, Aitor Gabilondok eta Zukutu Band taldeak izango dute.

Ostegunetan, Euskal Herriko historian barrena murgilduko gara 'Baskoniako Historia Bat' telesailaren eskutik. Josu Veneroren errealizazioarekin, eta Alberto Santana historialariaren zuzendaritza eta gidaritzapean, Historiaurretik hasi eta gaur egunera arteko gertakarien inguruan, ikuspegi kritiko eta eguneratua ezagutzeko aukera emango digu. Aste honetan bertan estreinatu da saioa.

Urtean zehar Euskal Herrian barrena antolatzen diren kultur ekitaldien erakusleihoa izaten jarraituko du 'Oholtzan' saioak. Musikaz, dantzaz eta bestelako ikuskizunez gozatzeko aukera dugu larunbat gauero, ETB1en, Ilaski Serranoren eskutik.

Igandeetan, 'Euskaldunak' saioa dago ikusgai abuztu amaieratik, Hasier Etxeberriak gidatuta. Arlo edo jarduera ezberdinetan arrakasta lortu duten hiru euskal herritar elkartu eta euren bizitza pertsonalean diren moduan aurkezten dizkigu. Aste honetan, Arantxa Urretabizkaiak, Iñaki Perurenak eta Joseba Errekaldek hartuko dute parte lagunarteko hitzordu honetan, euren bizitzaz, lanaz eta mundua ikusteko eraz solasean.

Urrian, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioak hartuko du lekukoa. Euskal Herriko herri txikiak ezagutzen jarraituko dute Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak. Berezitasun eta bitxikeria ugariz jositako abenturak ikus-entzuleen gustukoak izan ziren lehen denboraldian, eta oraingoan ere ez da gutxiago izango.

'Sautrela' eta 'Hitzetik Hortzera' ere laster izango dira bueltan. Idazleekin elkarrizketak, liburuen kritikak eta literatur perlak ekarriko dizkigu larunbatero Hasier Etxeberriak 'Sautrela'n. 'Hitzetik Hortzera'k, bestalde, Euskal Herrian barrena egingo diren bertso saioetako une onenen bilduma osatuko du.

Bestalde, etengabe mugitzen eta eraldatzen ari den sormen munduko nobedadeen eta barrunbeen erakusleihoa izango da aurten ere 'EiTB Kultura' saioa, elkarrizketa, erreportaje eta proposamenen bitartez. Lehen bi emanaldietan, datorren ostegunean eta hurrengoan, Donostiako Zinemaldia izango dute ardatz.

'Teknopolis' saioari dagokionez, 2015-2016 denboraldian adinez nagusi egingo da: 18 urte beteko ditu antenan. Lehen aldiz pantailaratu zenean izan zuen helburu bera izaten jarraituko du; hau da, Euskal Herriko zientzia eta berrikuntza agenteek egiten duten ikerketaren berri modu erakargarri eta errazean ematea. Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioa Iñaki Leturiak aurkeztuko du eta Bego Zubia izango da zuzendaria. Aurten, ahalegin berezia egingo dute saio tematikoak aurkezteko, baita Euskal Herriko industriara hurbiltzeko ere, merkatuan aurkitu ditzakegun produktuen fabrikazio prozesuak erakutsiz.

ETB2

'Safari Wazungu', ETB2ren denboraldi berriko apustu nagusietako bat, igande honetan bertan estreinatuko da. Gotzon Mantulizek aurkeztuko duen reality berri honetan, zortzi lagunek safaria egingo dute Afrikan zehar, abenturan aurkitzen dituzten ezustekoei aurre eginez. Esploratzaile onena aurkitzea izango du helburu. Besteak beste, hauek izango ditu protagonista: Ramon Roteta sukaldaria, Virginia Berasategi triatleta, Arantza Garces eskalatzaile eta telebistako aurkezlea, eta Eduardo Iturralde Gonzalez futboleko epaile ohia.

Laster estreinatuko da 'Tu al Norte y Yo al Sur' realitya ere. Euskal talde batek, batetik, eta andaluziar talde batek, bestetik, biziko duten kultura kontraste edo txokea umorearen ikuspegitik erakutsiko digu Reyes Pradosek gidatuko duen saio berri honek. 8 euskaldun Andaluziara joango dira eta 8 andaluziar Euskal Herrira etorriko dira helburu argi batekin gogoan: euskaldunik andaluziarrena eta andaluziarrik euskaldunena bilakatzea. Pausokak eta Sequoiak elkarlanean egindako saioa ETB2n eta Canal Sur telebistan izango da ikusgai.

Udako emanaldi bereziek izandako arrakastaren ondotik, 'Vaya Semanita' saioa ETB2n dugu berriz ere, ostegun gauero. Euskadin ahoz aho dabiltzan gai politiko eta sozialen inguruko esketxak, eta eguneroko bizitzan sortzen diren gertakari arruntei buruzkoak antzeztuko dituzte.

Lehen denboraldian lortutako arrakastaren ondotik, udazken amaieran itzuliko da ETB2ko programaziora Olga Zabalgogeaskoak gidatutako 'Todos Los Apellidos Vascos' saioa, gonbidatu berriekin. Abizenetatik abiatuta, eta bakoitzaren arbasoei eta jatorriari buruzko informazioa bilduz, pertsonaia ezagun horien sustraietan sakonduko du. Aurkikuntza harrigarriak egingo dituzte, iraganeko gertaeren eta pasadizoen inguruan. Istorio txiki horien bitartez, gure herriaren historia osatuko dute.

20. urtemuga ospatzen ari da Felix Linaresek gidatzen duen 'La Noche de?' saioa. 20 urte, asteartero, zinema munduko kontuak ikus-entzuleengana hurbilduz, nortasun propioa garatuz eta audientzia datu ezin hobeak lortuz. Klasiko bat izan arren, erreferente izaten jarraitu daitekeela erakutsi du ETB2ko saioak.

Aktualitateak dakartzan gaiak sakon aztertzeko ardura izango du Aintzane Bolinagak 'Minuto a Minuto' berrian, asteazken gauero. Albistegietako lantaldeak egingo duen saioa zuzenean emango da, Miramongo estudioetatik, irailaren 16tik aurrera. Saio dinamiko eta bizia izango da, eztabaidak, elkarrizketak eta erreportajeak uztartuko dituena. Datuak alderatuz, ikuspuntu ezberdinak erakutsiz eta iritzi pluraltasuna islatuz, ikus-entzuleak informatzea eta entretenitzea izango dute helburu.

Eguerdi eta arratsalde parteko egiturak bere horretan jarraitzen du ETB2n. Patxi Alonsok gidatzen duen 'Atrápame si Puedes' lehiaketak 2. denboraldiari ekin zion astelehenean, ikus-entzuleek ondo pasarazteko helburuarekin. Bazkalostean, berriz, Klaudio Landa buru duen 'Sin Ir Más Lejos' magazinak euskaldunon arazo eta kezka nagusiei erantzuna ematen ahalegintzen jarraituko du.

Albistegiak eta kirolak

Albistegiei dagokienez, irailaren 14an ekingo diete kurtso berriari, Kataluniako hauteskundeak jomugan. Egunean eguneko informazioa 'Gaur Egun'en eta 'Teleberri'n jorratuko dute. Bestalde, hauteskunde aurreko giroaz eta ondorenaz hausnarketa sakona egiteaz arduratuko dira Maddalen Iriarte 'Azpimarra+' saioan eta Aintzane Bolinaga 'Minuto a Minuto' saioan. Gainera, hauteskunde egunean, irailaren 27an, zuzeneko saioak egingo dituzte Bartzelonatik bertatik.

Kirol arloan, amaitzear den estropada denboraldiari adi egongo da ETB. Igande honetan, Donostiako Banderaren zuzeneko kontakizuna egingo dute, eta hurrengo asteburuan, azken bi jardunaldiena. Pilotazaleen gozamenerako, hiru jaialdi eskainiko ditu ETBk astero: ostiral gauez, larunbat arratsaldez eta igande arratsaldez. Futbolari dagokionez, Bigarren B Mailako partiden emanaldiak eskaintzeaz gain, Lehen Mailan diharduten gure taldeen jarraipena egingo dute, baita zuri-gorrien Europako ibilbidearena ere. 'Boxeo Izarrak', 'Zu Kirolari' eta herri kirolen tartea ere izango ditugu kirol eskaintzaren barruan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista