Itxi

telebista

22:15, ETB1en eta eitb.eus-en

'Euskara Munduan–Besteen ahotan' dokumentala, Euskararen Egunean

EITB

Kamera eskuetan hartu eta mundu zabaleko hainbat herrialdetan egon da Iñigo Asensio, sortzez hain urrutikoak diren euskal hiztunak zerk bultzatu zituen gure hizkuntza ikastera jakiteko asmoz.

0:26

Euskara Munduan-Besteen ahotan dokumentalaren estreinaldia izango da gaur, Euskaren Egunean, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:15ean. Kamera eskuetan hartu eta mundu zabaleko hainbat herrialdetan (3 kontinentetan) egon da Iñigo Asensio, sortzez hain urrutikoak diren euskal hiztunak gure hizkuntza ikastera zerk bultzatu dituen jakiteko asmoz.

Euskara Munduan (2014) dokumentalaren bigarren eta azken atala da honakoa. Lehenengoa atzerrian bizi ziren euskal hiztunekin izan bazen, oraingoa jaiotzez atzerritarrak diren eta, aldi berean, euskaldun direnekin egon da.

Protagonista desberdinen bizipenak jasotzen ditu lanak, beraz. Jose Miguel Ramirez kolonbiarra eta poliglota lehenengoz etorriko da Euskal Herrira, eta bidaia EGA ziurtagiria ateratzeko aprobetxatu nahi du. Lortuko ote du? David Romtvedt AEBko Wyoming estatuan bizi da eta aitaginarreba zuen euskalduna. Harekin hitz egiteko ikasi zuen, baina orain badu lagun gehiago euskaraz aritzeko; Madeleine Harriet, 90 urteko amona, tartean. Chris eta David Bieter Idaho estatuko Boise hiriko epailea eta alkatea dira. Davidek bere aitona artzainaren eta euskaldunen gorabeherak kontatu zizkion Barack Obama AEBko presidenteari Air Force One hegazkinean. Hui Huang-ek Antzuolako Elay enpresak Txinan duen lantegian egiten du lan. Badaki euskara hitz egiteak enpresa barruan komunikazioa erraztuko diola. Saharako haurrek, berriz, argi daukate euskaraz ere jolas daitezkeela; bi herrien arteko elkartasun-harremanetik kanpalekuetara eraman dute altxorra da euskara.

Asensiok euskal kulturaren mugak hizkuntzaren bidez zabaltzeko aukera jasotzen du, euskalduntasuna eta gure errealitatea Euskal Herritik kanpo zabalduta. Protagonistek euskararen aurrean erakusten duten errespetua eta interesa, euskarak kultura berri bat ezagutzeko eman dien bidea erakusten du, protagonista bakoitzaren historia kontatuz.

Urruneko senideen bideari heldu nahia, interes linguistikoa, herri bat ezagutzeko bere hizkuntza ezinbestekotzat jotzea... Hamaikatxo dira munduko txoko ezberdinetan, hemendik urrun, gure herriaren eta gure hizkuntzaren berri izatearen aldeko apustua egin dutenak, eta asko dira horien artean hizkuntza hori ikasi eta menderatzeko erronka onartu dutenak ere.

Istorio zinez ezberdinak, berriro, eta, protagonisten jatorria edozein dela ere, munduan zehar euskararen mapa linguistikoa marrazten lagunduko digutenak.

Euskara Munduan-Besteen ahotan dokumentala (62 minutu) Iñigo Asensiok (Tolosa, 1985) zuzendu du, eta Korima Filmsek, Traola Sormena & Mediak eta Euskal Telebistak ekoitzi dute, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.