Itxi

telebista

Kirol emankizunak

Atletismoa, eskubaloia eta pilota, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en

A.A. | EiTB

Donostiako Nazioarteko Krosa eta Aiala Zarautz-Bera Bera goizean, eta Ezkurdia-Barriola / Irribarria-Merino I arratsaldean.

Kirol eskaintza bete betea dakarte ETB1ek eta eitb.eus-ek igande honetarako. Goizean, 'Oreka' saioaren barruan, eskubaloia eta atletismoa eskainiko dira, eta arratsaldean, ohi denez, pilota. Herri kirolen tartea birritan zabalduko du ETB1ek sokatira eta aizkolari demak eskaintzeko.

'Oreka' saioa 12:00etan hasiko da, bezperan jokatutako Aiala Zarautz- Bera Bera eskubaloi partidaren laburpenarekin. Jon Ander Gorospek egingo du Emakumeen Ligako 14. jardunaldiko norgehiagokaren kontakizuna.

12:30ean Zubietako hipodromoarekin bat egingo dute. Bertatik, Sara Gandarak Donostiako Nazioarteko Krosaren emankizunari paso emango dio. Emakumezko proba jokatuko da lehendabizi eta gizonezkoena ondoren. Juanan Legorburuk eta Xabier Leibarrek emango dute bertan gertatzen denaren berri.

17:00etan pilotaren tartea zabalduko dute, Tolosako Beotibarreko jaialdia eskaintzeko. Lehendabizi, Tainta-Larunbe / Elezkano II-Larunbe partida jokatuko da. Ondoren, Binakako Txapelketako Ezkurdia-Barriola / Irribarria-Merino I. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango dira esatariak.

Amaitzeko, herri kirolen bi emankizun izango dira: goizean, 11:00etan, Euskadiko Goma Gaineko Sokatira; arratsaldean, 16:00etan, aizkolarien Munduko Azkartasun Txapelketako lehen kanporaketa. Goizeko kontakizuna Juanan Legorburuk egingo du eta arratsaldekoa Ibon Gaztañazpik eta Joxe Etxebestek.