Itxi

telebista

Pilota

Urrutikoetxea-Irribarria Buruz Buruko finala, arratsaldean, EiTBn

A.A. | EiTB

Emanaldi berezia egingo du ETBk Bilboko Bizkaia pilotalekutik, 25 profesional ingururekin.

0:17

Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du Mikel Urrutikoetxeak eta Iker Irribarriak igandean jokatuko duten Buruz Buruko Txapelketako finala. 25 profesional inguru arituko dira lanean Bilboko Bizkaia pilotalekuan, 17:15etik aurrera 'ETB Kantxa' saioaren bitartez ikusgai izango den emanaldia gauzatzeko. ETB1en eta eitb.eus-en ez ezik, ETB HDn eta ETBko nazioarteko kanaletan (Canal Vasco eta ETB Sat) jarraitu ahal izango da pilotaren hitzordu garrantzitsu hau.

Xabier Euzkitze eta Joxan Tolosa arduratuko dira final handiaren kontakizunaz. Elena Azpeitiak eta Xabier Anduezak pilotalekuan bizi den giroaren berri emango dute, harmailetan dauden lagunekin hitz eginez, eta eguneko protagonistak elkarrizketatuko dituzte arratsaldean zehar.

Pilota emankizuna ahalik eta osatuena izateko, bederatzi kamera erabiliko ditu Euskal Telebistako errealizazio taldeak, Fernando Lopetegi buru dela. Horietako batzuk bereziak dira, hitzordu garrantzitsuetan soilik erabiltzen direnak.

Horrela bada, jokoaren irudi geldoa erakusten duen Slow Motion kamerarekin pilotarien jarraipen zehatza egingo dute. Ez ohiko irudiak eskainiko dituzte, baita ere, txokoan kokatutako robotizatutako kamerarekin eta kontra kantxako marra zaintzen duen kamerari esker. Halaber, pilotalekuaren ikusgarritasuna indartu asmoz, Polecam deritzon kamera kokatuko dute.

Igandeko jaialdia osatzeko, honako bi neurketa jokatuko dira: Altuna III-Zabaleta / Artola-Albisu eta Ezkurdia-Merino II / Victor-Beroiz.

Finala zuzenean ikusterik ez dutenek, 23:00etan dute bigarren aukera, ETB1en. Gainera, EiTB Nahieranen ere eskuragarri egongo da.

arri egongo da.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista