Itxi

telebista

22:15ean

'Udazken Loreak' saioaren estreinaldia, gaur gauean, ETB1en

A.H. | EITB

Denboraldi berri honetan, Iro Landaluze adituak Anjel Alkainen laguntza izango du saioaren gidaritzapean.

1:25

'Udazken Loreak' saioaren denboraldi berria estreinatuko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek gaur gauean, 22:15ean. Perretxikoak izango dira oraindik saioko protagonistak, euskaldun askoren afizio eta pasioa, eta berrikuntza moduan, Iro Landaluzek Anjel Alkainen laguntza izango du saioaren gidaritzan.

Atal bakoitzean, gonbidatu ugari izango dituzte, Euskal Herriko txokoetan barrena, talde bereziak osatuz: lagun talde bat, familia bat, lankideak... Perretxiko bila arituko dira gure basoetan, eta euren abenturen lekuko izango da Iro Landaluze.

Aurreko denboraldietan bezala, abadiñarra izango da saioaren aditua, eta perretxikoen inguruko informazio praktiko eta teknikoa emango du. Basoko ibilbidean zehar, hainbat gomendio, argibide eta azalpen emango ditu, eta esperimentuak egiteko denbora ere izango du.

Iro Landaluze basoan dagoen bitartean, Anjel Alkain Euskal Herriko hiri eta herrietan zehar ibiliko da. Kaleko jendearekin perretxikoen inguruan mintzatzen eta solasean arituko da Alkain, euskaldunek perretxikoen inguruan duten afizioa eta ezagutza maila neurtzeko asmoz.

Horretaz gain, Euskal Herriko sukalde ezagunenetan sartuko da, Michelin izarrak dituzten jatetxeetan, hain zuzen, eta onddoak oinarritzat dituzten plater goxoak prestatuko dituzte.

Zeanuriko Astondoa familiak emango dio amaiera saioari, horren komentarista partikularrak izango baitira.

Lehen atala

'Udazken Loreak' saioko lehen atalean, Dimako kuadrilla jator bat eramango du Iro Landaluzek perretxikotan: Kepa, Koldito, Pitarras eta Pirata lagunak.

Bizkaian, Urkiolako basoetan ibiliko dira malda handiak eta lokaztuak igotzen. Izan ere, eguraldiak ez die lagunduko, eta azkar hasiko dira kexatzen eta nekatzen gure protagonistak. Hala ere, Dimako kuadrillak irribarrea egingo du perretxiko mordo bat bilduko baitu umore ezin hobean.

Anjel Alkainek, bere aldetik, Getariako Elkano jatetxea bisitatuko du. Bertan, Aitor Arregi sukaldariak onddoekin egindako plater berezi eta goxo bat prestatzen erakutsiko dio.

Ez galdu 'Udazken Loreak' saioaren estreinaldia, gaur, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.