Itxi

telebista

12:05ean

Alfonso Alonsori elkarrizketa, gaur, 'En Jake' saioan

EITB

Euskadiko PPko presidenteak egungo egoera politikoa aztertuko du Xabier Lapitzek gidatzen duen saioan.

Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidentea izango du gonbidatu nagusi gaur 'En Jake' saioak. Egungo egoera politikoa sakon aztertuko du Alonsok, eta besteak beste, EAJ eta PP alderdien arteko harremana eta Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak zorpetze-mugaren inguruan lortutako akordioa izango ditu hizpide.

Horrez gain, Eusko Legebiltzarraren lehen osoko bilkura izan aurretik, horren gai zerrenda aztertuko dute platoan: hezkuntza, Gardentasunaren Legea, diru-sarrerak bermatzeko errentaren sistema eta Legebiltzarrak izendatutako senatariak, besteak beste.

Bestelako politika gaiak ere jorratuko dituzte gaurko saioan, tartean, Podemos alderdiaren barruko ika-mikak, eta alderdi sozialistan alderdikide batzuek batzarra egiteko egin duten eskaera. Gürtel auziaren azken nobedadeak eta, horrekin lotuta, Jose Luis Peñas Majadahondako zinegotzi ohiak egindako adierazpenak ere entzungo ditugu.

'En Jake' saioa astelehenetik ostiralera ikus daiteke eitb.eus-en eta ETB2n, 12:05etik aurrera.