Itxi

telebista

22:15ean

'Euskalduna Naiz, eta Zu?' saioaren estreinaldia, gaur, ETB1en

A.E. | EiTB

Euskaldunon umorezko radiografia egingo dute, eta gaurko saioan bikoteari buruz arituko dira.

2:00

'Euskalduna Naiz, eta Zu?' saioa estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en gaur guean. Euskaldunok geure buruaz hitz egiteko saioa izango da; gaur egungo euskaldunaren erradiografia egingo da bertan.

Euskaldunon izaera ulertzeko, maitasunaz, diruaz edo sexuaz ere hitz egingo dute. Horretarako, Euskal Herriko aurpegi ezagunenen pasadizo bitxiak entzungo ditugu, eta umorezko puzzlea youtuber lotsagabe, esketx dibertigarri eta marrazkilari onenekin osatuko dute.

Astez aste, gai garrantzitsu bat jorratuko dute, euskaldunon inguruko topiko zaharrak bota eta harrituko gaituzten ondorioetara iritsi arte.

Bikoteaz lehen atalean

'Euskalduna Naiz, eta Zu?' saioaren estreinako atalean, bikoteaz arituko dira. Nolakoak gara euskaldunak bikotean? Euskaldun bat nola eta noiz maitemintzen den jakingo dugu. Baita fidelak garen edo harreman libre bat edukitzera ausartuko ginatekeen. Horretarako, 20 aurpegi ezagunek beraien lehenengo esperientziak, lehenengo muxuak edo lehenengo kalabazak nolakoak izan ziren kontatuko dute.

Ikusleek behin baino gehiagotan esango dute "hori niri ere pasa zait" esaldia. Euskal Herriko etxe askotan errepikatzen diren eszena barregarriei esketx bidez aterako diete punta Aitziber Garmendia eta Iker Galartza aktoreen eskutik. Horrez gain, Nerea Arriola youtuberraren mihi zorrotzak eta Unai Gaztelumendiren marrazki bikainek ezin hobeto gure buruari barre egiteko motibo asko emango dizkigute.

Lehen saioko gonbidatuak honako hauek izango dira: Xabier Amuriza, Jon Plazaola, Onintza Enbeita, Xabier Saldias, Iñaki Artola, Julen eta Antton Telleria, Zuriñe Hidalgo, Aitzol Atutxa, Maider Unda, Alex Sardui, Joseba Apaolaza, Josebe Iturrioz, Jon Maia, Itziar Aizpuru, Asier Odriozola, eta Maixa eta Ixiar.

'Euskalduna Naiz, eta Zu?' asteazkenetan izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

-en.