Itxi

telebista

22:15ean

Euskaldunak eta dirua, gaur gauean, 'Euskalduna naiz, eta zu?' saioan

EiTB

Esketx bidez, youtuber lotsagabe batekin eta marrazki bikainekin osatuko da aste honetako gaiaren puzzlea.

0:20

Ez al zaudete aspertuta euskaldunon inguruko topikoez? Besteak jardun dira nahikoa gutaz, eta heldu da euskaldunok geure buruaz hitz egiteko garaia. Nolakoak gara euskaldunak? Topiko zaharrak bota eta gaur egungo euskaldunaren umorezko erradiografia egingo dute gaur gauean 'Euskalduna naiz, eta zu?' saioan.

Euskaldunon izaera ulertzeko, maitasunaz, diruaz edo sexuaz ere hitz egingo dute. Horretarako, Euskal Herriko aurpegi ezagunen pasadizo bitxiak entzungo ditugu, eta youtuber lotsagabe batekin, esketx dibertigarriekin eta marrazkilari onenekin osatuko dute puzzlea.

Astez aste, gai garrantzitsu bat jorratuko dute, euskaldunon inguruko topiko zaharrak bota eta zur eta lur utziko gaituzten ondorioak aterata.

Bigarren saioa, diruaz hitz egiteko ordua

Aste honetako saioan, diruaz arituko dira. Nolakoak gara euskaldunak diru kontuetan? Zenbat diru erabiltzen dugu egunero esku artean? Euskaldunak xuhurrak ala gastatzeko zaleak gara? Zein kapritxotan gastatzen dugu dirua? Eta zertan gastatzen dugu gutxiegi? Horretarako, 20 aurpegi ezagunek beraien esperientziak eta anekdotak kontatuko dituzte saioan zehar.

Ikusleek behin baino gehiagotan esango dute "hori niri ere pasa zait" esaldia. Euskal Herriko etxe askotan errepikatzen diren eszena barregarriei esketx bidez aterako diete punta Aitziber Garmendia eta Iker Galartza aktoreen eskutik. Horrez gainera, Nerea Arriola youtuberraren mihi zorrotzak eta Unai Gaztelumendiren marrazki bikainek geure buruaz barre egiteko motibo asko emango dizkigute ezin hobeto.

Saio honetan izango dituzten gonbidatuak Xabier Amuriza, Jon Plazaola, Onintza Enbeita, Xabier Saldias, Iñaki Artola, Julen eta Antton Telleria, Zuriñe Hidalgo, Aitzol Atutxa, Maider Unda, Alex Sardui, Joseba Apaolaza, Josebe Iturrioz, Jon Maia, Itziar Aizpuru, Asier Odriozola, eta Maixa eta Ixiar izango dira.

'Euskalduna naiz, eta zu?' asteazkenetan izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.