Itxi

telebista

Gaur

Futbola, atletismoa, pilota eta aizkolariak, ETBn eta eitb.eus-en

EiTB

Emakumeen Futbol Liga ETB4n, Donostiako Nazioarteko Krosa, Binakako Eusko Label Saria eta 'ETB Kantxa' saioko partidak izango dira ikusgai.

Kirol eskaintza zabala izango da gaur ETB1en, ETB4n eta eitb.eus-en. Emakumeen Ligako 17. jardunaldiko Athletic-Sporting Huelva norgehiagoka izango da ikusgai zuzenean, 12:00etan, ETB4n, Naxari Altunaren eta Larraitz Lukasen kontakizunarekin. Bigarren zita atletismoarentzat izango da,12:30etik aurrera. Donostiatik zuzenean, Juanan Legoburu, Xabier Leibar eta Xabier Ormazabal esatarien eskutik, Donostiako Nazioarteko Krosa izango da ikusgai.

Arratsaldean, berriz, 16:00etan aizkolarien txanda helduko da Binakako Eusko Label Sariko Vicente-Saralegi eta Rekondo-Larretxea bikoteen arteko lehiarekin. Ibon Gaztañazpi eta Joxe Etxebeste arduratuko dira kontakizunaz.

Kirol eskaintza amaitzeko, 'ETB Kantxa' saioak hiru partida eskainiko ditu zuzenean, Gasteizetik, 17:00etan. Lehenengoa, Laso-Iturriaga eta Bakaikoa-Galartza bikoteen artekoa; bigarrena, Binakako Txapelketako 9. jardunaldiko Olaizola II-Untoria eta Altuna III-Barriola bikoteen arteko partida; eta amaitzeko Gorka-Merino eta Mendizabal III-Cecilio bikoteen artekoa. Guztietan Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Xabier Andueza izango dira esatariak.

Azkenik, editb.eus-ek txirrindularitzako Mallorcako Challengearen laburpena eskainiko du, 18:00etan.