Itxi

telebista

21:00etan

'Go!azen, eta orain zer?' erreportajea, gaur gauean, ETB1en

A.E.|EiTB

Euskal Herriko antzokiak lepo betezen dituen antzezlan arrakastatsuaren sekretuak azalduko dituzte erreportaje berezi honetan.

Go!azen eta orain zer? erreportaje berezia eskainiko du gaur ETB1ek, 21:00etan. Joan zen astean oso erantzun ona izan zuen Basakabi barrutik ikusi genuen (% 18,7ko audientzia izan zuen euskaldunen artean) eta orain, berriz, 'Go!azen'en antzezlanaren sekretu guztiak jarriko ditu agerian saio bereziak.

Euskal Herrian barrena herriz herri dabil 'Go!azen' antzezlana honako pertsonai hauekin: Haizea eta Elene bikiak (Paula eta Aitana Etxeberria), Mikel (Markel Gajate), Markel (Asier Burguete), Gari (Aritz Mendiola) eta Zuzen (Ramon Agirre).

Haizea eta Elene bikiek Basakabi udalekuan biziko dituzten maitasun istorioak ardatz hartuta dator antzezlana. Telesailean bezala, abestiek eta dantzak tarte garrantzitsua du eszenario gaineko lanean.

Erreportajean antzokiko ateak eta backstage-a zabalduko dituzte eta eszenatoki atzean gertatzen dena erakutsiko dute. Gainera, Gatibuko Alex Sarduiri eta Hesianeko Zuriñe Hidalgori euren abestien bertsioei buruz galdetuko diete.

Bestalde, aktoreek estreinaldietako alfonbra gorriak nola bizi izan zituzten kontatuko dute, jendeak kalean esaten dizkien gauzak... Eta 'Go!azen'eko jarraitzaileek beren unerik gogokoenak kontatuko dituzte eta abesti gustukoenak abestuko dituzte.

Otsailaren 17an beste erreportaje berezi bat izango da ikusgai ETB1en. Bertan, 'Go!azen'eko aktoreek 'Bago!az' laster hasiko den saioko hautagaiak aurkeztuko dituzte, eta haiekin egongo dira aholkuak eman eta abestiak prestatzen.

'Bago!az' saio berriko irabazleak, hain zuzen ere, 'Go!azen'en hurrengo denboraldian parte hartzeko aukera izango du.

/p>