Itxi

telebista

'El Conquis'en 5. atala

Marcelo Ferreira abenturatik bota dute Idoia bultzatzeagatik

Labirintoaren jokoa irabazi arren, talde urdineko kapitaina haren onetik atera zen eta bultzada eman zion taldekideari.

Marcelo Ferreirak burua galdu eta saioaren arau nagusienetako bat hautsi zuen: taldekide bat ukitzea. Horren larritasuna dela eta, boxeolari brasildarra abenturatik kanporatu zuten "El Conquistador del Caribe" saioaren 5. atalean. Egindako akatsaz jabetuta, saioa utzi aurretik, Marcelok barkamena eskatu zion Idoiari, baita taldekideei ere. Izandako erreakzioagatik galdetuta, urdinen kapitainak argudiatu zuen "beltza" ("negro") esan ziola iruindarrak, eta, hori entzunda, bere onetik atera zela eta horregatik bultzatu zuela taldekidea.

Nolanahi ere, Samulu taldeko kapitainarenak egin du, eta urdinek abentura berriari ekingo diote. Dena dela, hasiera berri horrek ez du itxura onik; izan ere, labirintoaren immunitate jokoa irabazi ondorengo festa izan behar zuena hileta bilakatu zen. Izugarrizko ahaleginak egin zituzten kanpamentu aberatsera joan eta astea lasai igaro ahal izateko, baina, kolpe batez, guztia pikutara joan da. Orain, ikusteko dago nola indarberritzen den taldea egoera berriaren aurrean;, janaria dute lehenengoz, baina kostata egingo dute lasai lo. Taldea apurtuta dago, eta ahalegin handiak egin beharko dituzte kolpe latzaren ostean suspertzeko.

Bitartean, gorriek oraindik ez dute kanpamentu txiroa ezagutu, beste astebetez oihan itxira itzuli behar izan baitute immunitate jokoan azkenak izateagatik. Taldea gidatzeko ardura hartu zuen Fikerrek, baina norabidez erratu zen zeharo; orain, ondorioen zain dago.

Bestalde, berdeek gau lasaixeagoa igaroko dute kanpamentu txiroan, baina Damoklesen ezpata ez dute gainetik kendu, taldekideetako batek hurrengo dueluari aurre egin beharko baitio.

Tentsio handia dago abenturan, eta hau hasi baino ez da egin. Zalantzarik gabe, Karibea inork espero baino latzagoa izaten ari da.

da.