Itxi

telebista

Bertsolaritza

'Trabajadorien' inguruko bertso trama, 15:00etan, 'Hitzetik Hortzera'n

A.E.|EiTB

Amets Arzallusek, Andoni Egañak, Eneko Fernandezek eta Alaia Martinek, Iban Garro gidari zutela.

Frankismo garaian behartutako lanetan aritu ziren Oiartzun eta Lesaka artean dozenaka preso, Basarri tartean. Haien lanaren inguruko bertso trama osatu zuten Amets Arzallusek, Andoni Egañak, Eneko Fernandezek eta Alaia Martinek Iban Garro gidari zutela. Ale onenak eskainiko ditu gaur 'Hitzetik Hortzera' saioak.

Frankismo garaian preso hartu eta behartutako lanetan aritu zirenei 'Trabajadoriak' deitzen zitzaien Lesaka eta Oiartzun inguruetan. Aritxulegi inguruko errepide eta tunelak eraikitzeko lanetan aritu ziren, besteak beste. Ehunka lagun aritu ziren lan horietan, Inazio Eizmendi 'Basarri' bertsolari ezaguna tartean. Langile horien inguruko bertso trama egin zen joan zen larunbatean Aritxulegin, eta trama horren inguruan osatu dute igandeko 'Hitzetik Hortzera'.

Aritxulegiko bertso trama

Amets Arzallus, Andoni Egaña, Eneko Fernandez eta Alaia Martin aritu ziren bertsotan, 'Trabajadori'en lanari ahotsa jarriz, Iban Garro gidari zutela. Trama hasi eta buka, pertsonaia bat gorpuztu zuen bertsolari bakoitzak, eta gerraosteko gertaera haien inguruan umorea eta sakontasuna tartekatu zituzten saioan zehar.

Elkarrizketa sorta

Tramari testuingurua emateko, elkarrizketaz hornituko dugu igandeko programa. Euskal Herriko azken errementarietako bat da Pedro Lanz, eta Lesakan bere lanekin osatutako erakustokian egin genion elkarrizketa. Gerraostea hurbiletik ezagutu zuen, bere familia jazarri baitzuten Frankismoaren aldekoek. Bere aita behartutako lanetan aritu zen Oiartzun eta Lesaka inguruetan, eta garai haietako testigantza eskainiko du.

Eta Estitxu Arozenarekin ere elkartuko dira. Trama prestatzeko lanetan aritu zen Iban Garrorekin batera, eta tramaren nondik norakoak azaltzeaz gain, emanaldia antolatzeko motiboen berri ere emango du.

Hori dena eta askoz gehiago gaur izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EiTB Nahieranen.