Itxi

telebista

'El Conquis'en 9. atala

Adrianak Esti kanporatu du Leirek saioa utzi ondoren

Talde gorria gainbehera doa etengabe: Adrianak Erkuren taldearen krisialdia areagotu du, Leirek saioa utzi ondoren Esti kanporatuta.

Estiren kanporatzeak itzal ugari utzi ditu talde gorrian "El Conquistador del Caribe" saioaren 9. atalean. Izan ere, Estik dueluan izan zuen jokaera zalantzazkoa izan da. Adriana erraztasun handiegiz nagusitu zitzaion, eta gasteiztarrak dueluan zehar izan zuen nagikeria nabarmentzekoa da.

Estiren agurra behingo kontu bezala gelditu zatekeen ordu batzuk lehenago Leirek saioa utzi izan ez balu eta aurreko saioan Enara kanporatu izan ez balute. Talde gorria dinamika etsigarri batean murgildu da; egun gutxiren buruan, kide gutxien galdu duen taldea izatetik kexuz eta zurrumurruz betetako talde bat izatera igaro da.

Beste behin ere, hautaketa txar batek eragin du guztia, edo, hobeto esanda, errazena hautatzeak: taldeko kide baten eskaintza onartzeak, alegia, aldeko eta kontrako guztiak aztertu gabe. Isma bere taldearen buru jarri zen, borondate onenarekin, txerriari hozka egiten hasi aurretik jan beharreko tarta pozoitua jateko, baina Isma jaki gozo hori bukatzen azkena izan zen, eta horrek kondenatu egin zuen taldea.

Talde berdean, David izan zen boluntarioa, eta nork esan ezetz kapitainari… Baina busturiarrak, munduko sardina-jale txapeldunak, ezin izan zuen kubatarraren jateko gaitasuna mendean hartu. Izan ere, Dennisek aise irentsi zuen tarta, barruan zizarerik izango ez balu bezala. Kubatarrak izugarrizko gosea zuen, hainbat egunetan ezer gutxi jan eta gero, eta plus horrek garaipena eman zien urdinei. Abentura hasi zenetik egon den garaipenenik argiena izan zen urdinena.

Urdinak beren errautsetatik berpiztu dira, berdeek bide onetik jarraitzen dute eta gorriek, gainbehera. Erkuk ez badu irtenbiderik aurkitzen, talde gorriaren kolpea izugarria izango da.