Itxi

telebista

22:30ean

'Objetivo: Exhumar a Franco', gaurko 'Equipo de Redacción' saioan

EITB

Eroritakoen Haranetik euren senideen gorpuak errekuperatzeko familiak dituzten arazoez eta Francoren gorpua bertatik ateratzeko eskaerez arituko dira.

Eroritakoen Haranak 34.000 pertsonen gorpuak gordetzen ditu, horien artean, Francisco Franco eta Primo de Riverarenak. Diktadura amaitu zenetik, hainbat ahotsek Francoren gorpua hobitik ateratzearen aldeko aldarrikapena egin dute, Eroritakoen Haranari kutsu ideologikoa kentzeko. Franco Haranetik ateratzeko eskatuz Baltasar Garzon epaileak aurkeztutako errekurtsoa atzera bota zuen Auzitegi Gorenak, eta Gobernuak bere aldetik, ez du uste Eroritakoen Harana monumentu frankista denik. 'Equipo de Redacción' saioak diktadorearen gorpuaren tokia zein izan beharko zen aztertuko du gaur gauean.

'Equipo de Redacción' Madrilera joango da Francisco Ferrandiz auzitegi medikuaren eskutik monumentuaren historia ezagutzera. Duela zenbait urte, Eroritakoen Haranaren egoeraren inguruko txostena egiteko Gobernuak eratutako komisioaren parte izan zen Ferrandiz, eta monumentuaren barruan Gerra Zibilaren garaian hildako milaka euskaldunen gorpuak daudela azalduko du. Zein egoeran daude barruko kamerak? Posible da gorpuren bat bertatik ateratzea? Monumentuaren eraikuntza egin zenetik, oso aldi gutxitan lortu dute familiek euren senideak bertatik ateratzea. 1980ean Nafarroako talde batek 133 gorpu errekuperatu zituen diskrezio eta sekretu handiz egindako operazio batean. Istorio honen datu guztiak bilduko ditu osteguneko saioak. Izan ere, hainbat hildakoen gorpuak galdu ziren lekualdaketarekin eta familiak oraindik ere haien bila dabiltza.

Zein arazo dute familiek euren senideak Haranetik errekuperatu nahi dituztenean? Memoria historikoaren legeak honen inguruan zer dioen gogoratuko du osteguneko saioak, eta Eroritakoen Haranaren Defentsarako Elkartearen testigantza ere jasoko du. Beraientzat, gorpua hobitik ateratzea profanazio ekintza bat da.

Iruñean ere Eroritakoen omenez egindako monumentu bat dago eta pasa den urtean, Mola eta Sanjurjo jeneral frankisten gorpuak bertatik ateratzeko baimena eman zuten. Nola? Zer iritzi dute familiek? Paco Etxeberria auzitegi medikuak burututako operazio honen datu guztiak emango ditu.

Diktadurak Euskal Herrian utzi zuen arrastoa ere aztertuko du saioak. Oraindik ere gure herrialdean dauden sinbolo frankistak azalduko dituzte eta haiekin zer egin galdetuko diete adituei eta besteak beste, Gontzal Mendibilekin hitz egingo dute. Nola gogoratu beharko genuke Frankoren irudia Euskadin?

'Equipo de Redacción' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.