Itxi

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

Estreinaldia

'GTG 3X2 Onenak' saioaren estreinaldia, gaur gauean, ETB1en

EITB

Saioak berritasun eta sorpresa ugari izango ditu, horien artean, fitxaketa berri bat: Aritz Castro gazte bizkaitarra.

0:19

Gaur gauean, Julen Telleriak aurkezten duen 'GTG 3x2 Onenak' saio berria hasiko da ETB1en, berritasun eta sorpresa ugarirekin. Horien artean aipagarriena saioan gogor arituko den fitxaketa berria izango da: Aritz Castro gazte bizkaitar ezaguna. Bestalde, 'GTG 3X2' saioko bigarren faseko gutarrik jatorrenaren titulua Ixone Gil 19 urteko durangarrak lortu zuen, eta, Xabi lehenengo faseko irabazlearekin batera, paper berezia izango du fase berri honetan.

Denboraldi hau hasi zenetik, lehiakide ugari pasatu dira 'GTG 3x2' saioak izan dituen bi faseetatik, eta orain, gutarrik onenak elkartuko dira 'GTG 3x2 Onenak' saioan. Halaber, gutar bikote berriak ere izango dira fase honetan, horien artean, aurretik ikusi ditugun Lismey izeneko Zumaiako neska kubatarra eta Ane eta Julen bikote gaztea. Asteleheneko saioan jakingo dugu zeintzuk izango diren gainerako gutarrak.

Besteak beste, gutar ohiak eta aurpegi berriak, maitasun istorioak, malkoak, ezustekoak eta negarrak izango dira saio berriaren osagai nagusiak.

Aritz Castro, fitxaketa berria

Estatu mailako 'GH 16' reality ospetsuan egin zen ezagun, eta haren hitzak eta maitasun gorabeherak ez ziren oharkabean pasatu. Hautsak harrotzen dituen gaztea da: aipaturiko realityan, beste lehiakide batekin (Han) izandako maitasun istorioak sutan jarri zituen sare sozialak. Aritzek ez du inor epel uzten, eta gogor kritikatu eta defendatu duten jarraitzaile ugari ditu bizkaitarrak.

Eskarmentu handia du entretenimenduko saioetan, eta erronka berria izango du 'GTG 3x2 Onenak' fasean. Gutar berria izango ote da? Edo laugarren kuxkuxeroa izango da, Amaia, Txurru eta Irantzurekin batera? Zertara dator Aritz 'GTG 3x2 Onenak' saiora? Asteleheneko saioan jakingo dugu.

Gauza bat argi dago: Aritz indartsu sartuko da 'GTG 3X2 Onenak' fase berri honetan. Gutar maitasun istorioen eta gutarren gorabeheren inguruan hitz egin eta gutarrei egurra ematera etorriko da, eta GTGko jarraitzaileak aho zabalik utziko ditu, orain arte ezagutzen ez zuten bizkaitarraren beste aurpegi bat ikusiko dutelako.

Xabi eta Ixone gutarburuak

Lehiakideek elkarren artean nor baino nor arituko diren bi kuadrilla osatuko dituzte, eta talde bakoitzak gutarburu bat izango du: Xabi edo Ixone. Biek lortu dute aurreko faseetako gutarrik jatorrenaren titulua; Xabik lehenengo fasean eta Ixonek, berriz, bigarrenean. Batak eta besteak erronka eta ezuste ugari gainditu beharko dituzte bere kuadrilla osatzen duten gutarrekin batera.

Aurreko fasearen finala

Aurreko ostegunean, 'GTG 3X2' aurreko fasearen finala eskainiko zuen ETB1ek eta saio zirraragarria izan zen. Gutarrek hiru finalista aukeratu zituzten beren botoekin: Unai, Ixone eta Xabi. Kuxkuxeroek gutar jatorrenaren titulua lortzeko aukera kendu zioten Xabiri, Iruñekoa lehenengo faseko gutarrik jatorrena zela argudiatuta.

Ixone eta Unai izan ziren azken bi finalistak, eta beste gutarrek bi horien artean aukeratu behar izan zuten. Botoak ia parekatuta egon arren, azkenean Ixone izendatu zuten bigarren faseko gutarrik jatorrena. Itsas bidaia Mediterraneoan zehar, itsas bidaia Greziako uharteetan zehar edo Maurizio uhartera joateko bidaia aukeratu behar izan zuen Durangokoak, eta azken hori hautatu zuen. Maurizio uhartera Xandrarekin joango da, saioan ezagutu eta lagun handiak egin baitira.

'GTG 3X2 Onenak' gaur estreinatuko da, 21:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.