Itxi

telebista

Aurrerapena

'El Conquistador'en historiako finalik gogorrena jokatuko dute gaur

Carol, Mikel, Isma, Izeta, Aiskander eta Aitor dira telebistako reality gogorrenaren azken eguneraino iritsi diren sei finalistak.

Gaur ikusi ahal izango dute ikus-entzuleek "El Conquistador del Caribe" saioaren final handia. Gauean jakingo dugu nor izango den 13. edizio honetako irabazlea, Erkuren ondorengoa, eta Punta Gallinasen ikurrina astinduko duena.

Garaipena lortzeko aukera duten sei hautagaiek lehiaketa honetarako behar diren ezaugarri guztiak dituzte, bizirauteko eta lehiatzeko gaitasuna ez ezik, elkarbizitzarako dohainak ere erakutsi baitituzte. Carol Calvo taldeko emakume bakarra da; Mikel Mayayo, zaharrena; Aitor Barrio eta Andoni Izeta, gaztetxoenak; Aiskander Jauregik etxera bidali berri ditu Iñaki eta Alex; eta Isma Pereirak bost duelu irabazi ditu abentura osoan zehar.

Finala sorpresa batekin hasiko da: zotz egin beharko dute, hasieran binaka aritu beharko baitute. Zozketak bikote hauek sortuko ditu: Carol eta Mikel, Isma eta Aiskander eta Izeta eta Aitor.

Probaren lehen zatian, baltsa bat egin beharko dute, eta Karibe itsasoaren erdian dagoen uharte batera joan beharko dute, arraunean edo bela bat lagun. Uharte horretan, bakarkako lehia hasiko da: hasteko, kaiuko bat aurkitu beharko dute, beste uharte batera joateko; igerian joan beharko dute hirugarrenera; eta, bukatzeko, jumar batean gora egin beharko dute. Saio honek orain arte prestatu duen finalik osoena izango da aurtengoa.

Saio berezia zuzenean emango da Euskal Telebistak Donostian duen egoitzatik, eta Julian Iantzik aurkeztuko du. 20.000 euroko saria jasoko duen irabazlearen izena jakiteaz gain, ikus-entzuleen gogokoena nor den jakiteko bidean, beste pauso bat emango dute. Izan ere, Interneteko erabiltzaileen boto gehien dituzten sei lagunak izango dira hurrengo asteazkenean, maiatzaren 31n, Patxi Alonso gidari, lehiakide gogokoena hautatzeko saio berezian protagonistak. Platoan publiko gisa egoteko aukera eskainiko dute, bertara joateko sarrerak zozketa bidez emango baitira.

"El Conquistador del Caribe" saioaren finalak azken bost urteotako ediziorik ikusiena biribilduko du. Astelehenean, 22:30ean hasiko da, "Eguraldia" saioaren ondoren, eta zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus-en eta ETB2n. Horrez gainera, orain arteko atal guztiak EiTB Nahieran atarian daude eskuragarri.