Itxi

telebista

Krimenak

Shaolin faltsuaren kasua, gaur, 'El Lector de Huesos' saioan

Juan Carlos Aguilar kriminalaren urratsak gogoratuko dituzte, eta hark erabili zuen modus operandi-a argituko dute.  

Gaur gauean, shaolin faltsuaren kasuan sakonduko du ETBko 'El Lector de huesos' saioak. Paco Etxeberria antropologo forentseak eta Dani Alvarez kazetariak orain lau urte Bilboko erdigunean gertatu ziren hilketa ankerrak aztertuko dituzte. Thriller amerikar baten osagaiak dituen jazoeraren protagonista Juan Carlos Aguilar shaolin faltsua izan zen. Predatzaile gupidagabeak bi emakume erail zituen, eta haietako baten gorpua zatikatu egin zuen. Danik eta Pacok kriminalaren urratsak gogoratu, eta hark erabili zuen modus operandi-a argituko dute.

Txinatik itzuli zenean, Juan Carlos Aguilarrek Océano de la Tranquilidad monasterioa sortu zuen. Haren gimnasioak, kirol gune bat baino, sekta itxura zuen. Hori izan ote zen shaolin faltsuaren hasiera? Galdera horri erantzuteko, Oscar Gutierrez borroka-arteen irakaslea elkarrizketatuko dute. Juan Carlos Aguilar ezagutzen zuen, eta haren gezurren eta bizitza bikoitzaren lekuko izan zen.

Bestalde, 'El Lector de Huesos' saioak Iñaki Irusta Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren burua hartuko du solaskide. Horren taldeak arakatu zituen Aguilarren gimnasioa eta etxea, eta polizia ikerketaren nondik norakoak argituko ditu. Ondoren, Hugo Prieto Ertzaintzako adituak susmagarriaren urratsak nola ikertu zituzten azalduko du. Nola ezagutu zituen Aguilarrek bere biktimak? Harrapakin bila dabilen harrapakari gisa zebilen? Zer irain sufritu zituzten neskek? Aurkitu gabeko gorpu gehiago egon daitezke?

Ada Otuya eta Jenny Revollo etorkizun hobe baten bila etorri ziren gurera, baina shaolin faltsua ezagutu zutenean amesgaizto bilakatu zitzaien dena. Benicia Tuiran Jennyren amak Dani Alvarezekin hitz egingo du. Alabaren heriotzaren berria nola jaso zuen ekarriko du gogora. Ez du ahaztu nahi, eta Aguilarri ez dio egindakoa barkatu.

Shaolin faltsuak biktimetako bat txikitu egin zuen, eta zatiak hainbat lekutan ezkutatu, baina gorpu bat zatikatzea ez omen da batere erraza. Paco Etxeberriaren ustez, baliabideak, adorea eta denbora behar dira horretarako. Zer metodologia erabili zuen Aguilarrek? Zer tresna? Non gorde zituen gorpu atalak?

Bukatzeko, Ander Retolaza psikiatraren laguntzarekin, erasotzaile ankerren burmuinak nola funtzionatzen duen ezagutuko du Dani Alvarezek. Psikopata sexuala zen? Gozamena lortzen zuen bortxaketekin? Nekrofiliaren mugak gainditu zituen?

'Caso falso shaolín: los crímenes de un depredador sexual' atala astelehenean izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB2n.