Itxi

telebista

22:30ean

'García Goena, caso abierto' dokumentala estreinatuko du ETB2k gaur gauean

A.E. | EiTB

Garcia Goenaren hilketaren inguruko hipotesiak aztertuko ditu. Laura Martin alargunarekin batera, besteak beste, Amedo, Vera, Rodriguez Menendez eta Melchor Mirallesen lekukotasunak bildu dituzte.

0:40

Gaur, uztailak 27, ETB2k "García Goena, caso abierto" dokumentala eskainiko du. Juan Carlos Garcia Goenaren kontrako atentatuaren inguruko hipotesiak aztertuko ditu dokumentalak, hilketa gertatu zenetik 30 urte pasatu direnean, egileak nortzuk izan ziren argitzeko.

Horretarako, dokumentalak hainbat lekukotasun bilduko ditu, besteak beste, hauen hitzak jaso baitituzte: Laura Martin, Garcia Goenaren alarguna; Jose Amedo, Bilboko Polizia Nazionaleko komisario ohia; Rafael Vera, Estatuko Segurtasun idazkari izan zena; Emilio Rodriguez Menendez, abokatua; Ricardo Arques, Melchor Miralles eta Bruno Fay kazetariak; Juan Mari Gabirondo ETAko errefuxiatu ohia; eta Joseba Azkarraga politikaria.

05:40an, Garcia Goena Hendaiako bere etxetik irten zen lanera joateko asmoz. Citroën Dyane 6 autora igo orduko, bertan jarritako bonbak eztanda egin zuen. Laura Martin alargunak etxetik entzun zuen leherketa. 1987ko uztailaren 24an gertatu zen atentatua, eta biharamunean hartu zuen bere gain GAL talde terroristak.

GALek 1986ko otsailean eten zituen bere ekintzak, baina Juan Carlos Garcia Goenaren hilketa hurrengo urtean gertatu zen. Bera izan zen azken biktima. Zergatik erabaki zuten berriro armak hartzea? Nork jarri zuen bonba hori? GAL urdinak (Polizia Nazionala), GAL berdeak (Guardia Zibila) edo GAL marroiak (CESID) egin zuzen? Nork erabaki zuen Juan Carlos hiltzea?

Dokumentalaren helburu nagusia hilketaren atzean nor dagoen argitzea izango da. Ordutik irekita jarraitzen duten hipotesiak aztertuko dituzte, denak oso ilunak eta Estatuaren estoldekin lotura dutenak, eta konspirazio teoria ezberdinen sarea desegiten ahaleginduko dira.

Dokumentalak atzera begiratuko du Juan Carlos nor izan zen ezagutzeko: zergatik egin zuen ihes Iparraldera eta nola bizi izan zen bertan errefuxiatu modura, zein testuingurutan bihurtu zen GAL taldearen helburu, eta bere kasua argitzeko familiak izan dituen oztopo judizial eta administratiboak azalduko dituzte.

Juan Carlos ondo ezagutzen zuten pertsona eta senideekin hitz egingo dute. Halaber, GALen inguruko kazetaritza ikerketak luzaroan egin dituzten kazetariekin, trama terroristaren koordinazio eta antolaketan protagonista izan direnekin, eta prozesu judizialean parte hartu dutenekin egongo dira.

Testigantza ugari

Arantza Ruizek egingo ditu elkarrizketak, eta Garcia Goenaren senideekin izango da: Laura Martin alargunarekin; Maider, Oihana eta Jone alabekin; Jesusa amarekin; eta Yolanda eta Jose Mari anai-arrebekin.

Hauek ere izango dira ikusgai dokumentalean: Jose Amedo, Bilboko Polizia Nazionalaren komisario ohia; Rafael Vera, Estatuko Segurtasun idazkari ohia; Emilio Rodriguez Menendez, abokatua; Ricardo Arques, Melchor Miralles eta Bruno Fay, kazetariak; Juan Mari Gabirondo, ETAko errefuxiatu ohia; Joseba Azkarraga, politikaria; eta Inmaculada de Miguel, Garcia Goena familiaren abokatua.

'García Goena, caso abierto' gaur gauean izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB2n.