Itxi

telebista

Kirolak zuzenean

Behobia-Donostia eta Atapuercako Krosa, gaur, zuzenean, EiTBn

A.A.| EiTB

Arratsaldean Eibarko pilota jaialdia izango da ikusgai. Bertan, partida nagusian, Irribarria-Martija eta Laso-Albisu izango dira aurrez aurre.

Bi atletismo proba izango ditugu ikusgai gaur ETB1en eta eitb.eus-en 'Oreka' saioaren barruan. Behobia-Donostiarekin hasiko dira, 11:30ean. Juanan Legorburu, Xabier Leibar eta Xabier Andueza arduratuko dira Behobia eta Donostia arteko maratoi erdian gertatzen denaren berri emateaz. 12:50ean Atapuercako Krosarekin egingo dute bat, eta Legorburu eta Leibar izango ditugu esatariak. Emakumezkoen lasterketa jokatuko da lehendabizi eta gizonezkoena ondoren.

16:00etan, herri kirolen tartean, aizkolarien Banakako Kopan Ruben Saralegik eta Txikia VI.ak izandako aurrez aurrekoaren berri emango dute Ibon Gaztañazpik eta Joxe Etxebestek.

17:00etan 'ETB Kantxa' hasiko da. Eibarko Astelena pilotalekutik gidatuko dute saioa Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak. Hiru partida jokatuko dira: Retegi Bi-Erostarbe / Arteaga-Galartza, Irribarria-Martija / Laso-Albisu eta Arretxe II-Jaunarena / Mendizabal III-Tainta.