Itxi

telebista

15:00etan

'Maitia nun zira?' dokumentala, gaur, ETB1en

EITB

Lehenengo mundu gerraren garaian Alemaniako preso esparruetan zeuden euskal presoei egindako grabazioen inguruko dokumentala da.

1915-1918 artean, Prusiako Komisio Fonografikoak Alemaniako preso-esparruetan zeuden presoak grabatu zituen. Horien artean, hamar euskal preso. 2014an eta 2016an, soinu hauen kopia numerikoa jaso zuen Euskal Kultur Erakundeak Berlingo Etnologia Museoaren eta Humbold Unibertsitatearen eskutik. Maitia nun zira? dokumentalak audio grabazio horien historia eta testuingurua bildu ditu, Euskal Kultura Erakundea eta Mondragon Unibertsitatearen arteko partaidetzari esker.

1915ean, lehen aldiz erabili zuten gerra garaian Edisonek asmatutako fonografoa, esperimentazio eta ikerketa tresna moduan. 1914ko otsailaren 24an, Wilhelm Doegen hizkuntzalari alemaniarrak Prusiako kultura Ministerioari proposatu zion "mundu osoko herrialdeen" ahozko artxibo bilduma bat sortzea. Horrela sortu zen Komisio Fonografikoa, 1915ko urriaren 27an. Alemaniako preso-esparruetan ziren jatorri anitzetako presoak disko soinudunetan grabatzea izan zen proiektuaren helburua, eta 1915 eta 1918 urte bitartean komisioko antropologo, hizkuntzalari eta musikologoak 29 preso-eremuetan ibili ziren. Grabatutako soinuen artean, Ipar Euskal Herriko hamar presoren ahotsak dira entzungai.

Maitia nun zira? gaur izango da ikusgai 15:00etatik aurrera ETB1en.