Itxi

telebista

22:30ean

Kataluniako egoera politikoa hizpide, gaurko '360º. Un Vasco en Polònia' umore saioan

EiTB

TV3ko 'Polònia' saioko aktoreek Kataluniako errealitatea ulertzeko gakoak emango dizkiote Gorka Otxoa aurkezleari.

Gaur gauean, Gorka Otxoa aktoreak jasoko du '360º' saioaren lekukoa Africa Baetaren eskutik, eta Kataluniako gatazkaren gertakari nagusiak errepasatuko ditu TV3ko 'Polònia' saioko aktoreekin. Umoreak eta kazetaritza zorrotzak bat egingo dute '360º. Un vasco en Polònia' saioan, datorren astean Katalunian izango diren hauteskundeak ulertzeko gakoak azaltzeko asmoarekin.

Gorka Otxoa Bartzelonako hainbat tokitan izango da, baita 'Polònia' saioko platoetan ere. Zenbait umore esketxekin tartekatuta, gertatutakoa erakusten duten benetako irudiak erakutsiko ditu. Gainera, informazio gehigarri moduan, iritzi ezberdinetako analisten testigantzak bilduko ditu, gatazkaren interpretazio zorrotzagoa eskaintzeko asmoz. Horien artean, Mónica Terribas (Catalunya Ràdio), Carles Francino ('La Ventana', Cadena Ser) eta Neus Tomás (eldiario.es) kazetariek parte hartuko dute saioan.

Batzuetan, errealitatea umorearen ikuspuntutik aztertzea egoera ezberdinak ulertzeko modurik egokiena da. 'Polònia' saioak 12 urte daramatza Kataluniako eta Estatuko egun-eguneko gaiak umorearen ikuspuntutik lantzen. Gorka Otxoak barru-barrutik ezagutuko du saioa, esketxekin barre egingo du, saioaren platoetan zehar ibiliko da, eta erredakzioan eta makillatzeko gelan sartuko da. Bertan ikusi eta bilduko duen guztiarekin, 'Polònia'k Kataluniako politika nola bizi duen azalduko du Gorka Otxoak.

'Un Vasco en Polònia' gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.