Itxi

telebista

Aurkezpena

Programa eta eduki berriak ETBn, 2018. urtearen hasieran

'Sagak', 'Gailurra Xtreme Perdido', 'Merlí', 'Arte[faktua]' eta 'Bago!az', 'El Conquistador del Caribe' eta 'El Conquis'en edizio berriak ditugu estreinaldien artean.

1:19

Saio eta eduki berriak dakartza 2018. urteak Euskal Telebistara. Estreinaldien artean, 'Sagak', 'Gailurra Xtreme Perdido', 'Merlí' eta 'Arte[faktua]' ditugu. Halaber, edizio, lehiakide, gonbidatu eta eduki berriekin datoz 'Bago!az', 'El Conquistador del Fin del Mundo' eta 'El Conquis' saioak. Tarte horiek guztiek entretenimendua, hurbiltasuna eta informazioa ardatz duen programazioa osatuko dute.

Hartara, Edu Barinaga Euskal Telebistako zuzendariak hainbat aurkezle eta saioetako arduradun izan ditu alboan nobedadeen nondik norakoak azaltzeko Donostiako San Telmo Museoan. Berarekin izan dira Julian Iantzi, Julen Telleria, Aitziber Garmendia, Kike Amonarriz, Yolanda Mendiola, Ibon Gaztañazpi, Ander Gonzalez, Gabriela Uriarte, Ion Aramendi, Klaudio Landa eta Adela Gonzalez, besteak beste.

ETB1

'Sagak' Kike Amonarriz aurkezleak dakargun saio berria dugu. Euskal Herriko familia ezagunak ditu ardatz eta izenak dioen bezala, familiak izango ditu hizpide, belaunaldiz belaunaldi diziplina bati eutsi dioten dinastiak. Urtarrilaren 17an estreinatuko da saio berria eta asteazken honetan aurkezpen saioa emango da. Enbeitatarrak, bertsolaritzari belaunaldiz belaunaldi eutsi dion familia, eta aizkolaritza odolean daramaten Arriatarrak izango dira lehenengo bi ataletako protagonistak.

'Gailurra Xtreme Perdido' saioan, erronka eta lehia ikusgarria aurkeztuko ditu Ibon Gaztañazpik. Bidelagun izango ditu, halaber, Gari Aristegi medikua eta Alberto Aierbe mendiko kontuetan aditua. Pirinioak zeharkatzen dituen GR11 ibilbidearen zati bat egitera ausartuko diren 12 lagun arituko dira nor baino nor gehiago. Lehiakideen helburua mendiz mendi zortzi etapatan 300 kilometro egitea izango da. Irundik irtengo dira eta Perdido mendia izango dute jomuga. Tartean, Etxalar, Otsagabia, Zuriza, Candanchu, Panticosa eta Gorizeko aterpetxea izango dituzte etapa bakoitzaren amaiera. Parte-hartzaileek, bataz beste, 42 kilometro egingo dituzte jardunaldi bakoitzean. Urtarrilaren 11an aurkezpen saioa ikusi ahal izango dugu eta 25ean ekingo diote lehiari.

Igandeetan, 'Herri Txiki, Infernu Handi'ren aurretik, 'Merlí', Francesc Orella aktorea protagonista duen TV3ko telesail arrakastatsua izango dugu ikusgai urtarrilaren 14tik aurrera. Telesailaren bi denboraldiak emango ditu ETBk. Merlí filosofia irakaslea du protagonista, eta ikasleak askatasunez pentsatzera bultzatuko ditu, ezohiko irakasbideak erabiliz. Horren metodoek ez dute inor epel utziko, eta aldekoen eta aurkakoen artean banatuko dira ikasle, irakasle eta gurasoak.

Bestalde, ETB1ek laster 'Bago!az' talent show-aren bigarren edizioa estreinatuko du Zuriñe Hidalgok aurkeztuta. Aurten ere irabazleak ostiralero ikusgai daukagun 'Go!azen' telesail arrakastatsuaren hurrengo denboraldian parte hartzeko txartela irabaziko du, aurreko edizioan Iholdi Beristainek lortu zuen bezala. Hogeita hamabi lehiakide ariko dira nor baino nor gehiago ekinaldi honetan. Elkar lehian arituko dira eszenatokian eta hainbat aditu izango dituzte prestatzaile. Alex Sardui, Ylenia Blagietto, Anjel Alkain, Xabier Saldias eta Karmele Larrinaga izango dituzte bidelagun beste behin. Bien bitartean, 'Go!azen'ek aurrera jarraitzen du, telesailaren emisioaz gain, antzerki eta musika emanaldiak Euskal Herrian zehar eskaintzen.

Halaber, astelehenetik ostegunera ematen den 'Gure Kasa' saioak, Julen eta Antton Telleriak aurkeztuta, entretenimendua, gonbidatu ezagun eta ezezagunak, euskal musika taldeak eta umorea ditu ardatz nagusi. Hurrengo egunetan ere hainbat gonbidatu ezagun ikusiko ditugu: Pasaiako batelerak, munduko nesken arraun-talderik onena; Xabier Perurena eta Asier Oruesagasti aktoreak; Haimar Zubeldia txirrindulari ohia; Beira musika taldea; Itziar Ituño aktorea; Mikel Urdangarin abeslaria; Yolanda Alzola aurkezlea, eta Irati Anda eskalatzailea.

Kolaboratzaile talde aparta izaten jarraituko du 'Gure Kasa'k: Aitziber Garmendia aktorea, Iban Garcia youtuberra, Markel Alberdi igerilari olinpikoa, Onintza Enbeita eta Maddalen Arzallus bertsolariak, eta horiekin guztiekin batera Nerea Alias, Ana Goitia, Ihintza Irizar, Ekhi Arrieta eta Xabi Unanue, besteak beste.

Datorren otsailaren 3tik aurrera, 'Arte[faktua]' literatur saio berria emango du ETB1ek Yolanda Mendiolak aurkeztuta. Atal ugari izango ditu: nagusia, idazle bati bere lana, unibertsoa, pentsamendua eta motibazioa ezagutzeko egindako elkarrizketa izango da. Baina, orobat, gonbidatuak, nobedadeak, irakurle eta liburu-saltzaileen gomendioak eta booktuberrenak agertuko dira. Horrek guztiak osatuko du 'Arte[faktua]'; literatura, liburuak, idaztea eta irakurtzea maite duten guztiei zuzendutako programa.

Asteartero 'Ur Handitan' saioak, berebat, erreportaje interesgarriak iragartzen dizkigu. Eta igandero, jakina, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioak bere bidea egiten jarraituko du Euskal Herrian barna. Araitz Nafarroan, Ereñozu Gipuzkoan eta Mendata Bizkaian izango dira, hain zuzen ere, hurrengo jomugak.

ETB2

Astelehen honetako atarikoaren ondotik, 'El Conquistador del Fin del Mundo'ren 14. denboraldia abian da eta bigarren urtez 'El Conquistador del Caribe' bihurtuta. Julian Iantzi gidari izango du beste behin telebistako realityrik gordinenak, Kolonbiako Karibea eszenatokitzat dutela. Irabazteko edozer egiteko prest izango diren hamar lehiakideko hiru taldek eta euren kapitainek abentura berriei eta proba eta elkarbizitza gogorrari egin beharko diote aurre. Gotzon Mantulizek, bestalde, webaren bidez jarraitzaileei proben berri emango die, eta gauza bera egingo du 'El Conquis' debatean.

'El Conquis' eztabaida-saioa asteazkenero izango da ikusgai urtarrilaren 17tik aurrera. Lehiakide ohi, kapitain ohi eta saioaren jarraitzaile adituek abenturaren nondik norako guztiak aztertuko dituzte. Ainhoa Etxebarriak iristen diren txioak irakurriko ditu eta Joseina Etxeberria esatariak musikaz animatuko du programa.

Halaber, egunero Xabier Lapitzek gidatzen duen 'En Jake' aktualitateko saioaren ondotik, 'Atrápame Si Puedes' lehiaketa arrakastatsua dugu ikusgai. Asteburuetan, ere lehiaketaren bertsiorik dibertigarriena ekartzen digu Patxi Alonsok eguerdiko 'Teleberri' albistegiaren aurretik.

Nobedade horiekin batera, arratsaldero aktualitate gaiei erpin guztietatik eusten diete 'Qué Me Estás Contando' eta 'El Programa de Klaudio' saioek, Ion Aramendi, Klaudio Landa eta Adela Gonzalezekin. Gizartean pil-pilean dabiltzan gaiak modu patxadatsu eta erlaxatuan jorratzen dituzte Aramendik eta bere solaskide taldeak. Eta ondoren, gori-gori dauden eguneko gaiei eusten die denetariko kolaboratzaile mahaiarekin datorren 'El Programa de Klaudio'k.

Horrez gain, 'A Bocados' saioak aurrera jarraituko du eguneroko programazioan gaueko 'Teleberri' albistegiaren aurretik. Ander Gonzalez sukaldariak eta Gabriela Uriarte dietistak errezeta guztietan oreka bilatzen jarraituko dute, eta norberak berea defendatu nahi duelako, egoera dibertigarriak sortuz. Asteburutan, berriz, Anderrek sukalde kontuak ekartzen jarraituko du Euskal Herrian barna bidaiatuz 'Historias a Bocados'ekin.