Itxi

telebista

22:30ean

'Handia Goya Sarietan' saio berezia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB

Fermin Etxegoien Madrilen izango da 'Handia' filmaren lantaldearekin, eta ondoren, 'Loreak' filma eta 'Zarautzen erosi nuen' eta 'Berriztagarria' film laburrak izango dira ikusgai.

0:21

'Handia Goya Sarietan' saio berezia izango da ikusgai gaur ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30etik aurrera. Fermin Etxegoien Madrilera joango da, eta Goya sarien emanaldiaren jarraipena egingo du Handia filmaren lantaldearekin. Euskaraz egindako historiako pelikularik ikusiena izan da Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako Handia, eta Goya sarietarako 13 izendapen eskuratu ditu. Bertatik bertara biziko du Fermin Etxegoienek gauaren emozioa. Zer sentitzen da? Zer suposatzen du guzti honek lantaldearen ibilbidean? Zein da beraien hurrengo proiektua?

Azken urteetan Moriarti enpresaren proiektuek izan duten arrakasta eta oihartzuna ukaezina da. Film arrakastatsuak, sarituak, mundu guztian zehar ibili direnak, ideia freskoak, berriak, hunkigarriak... Horregatik, Moriartiren lanen inguruko gau berezia eskainiko du ETB1ek 'Handia Goya Sarietan' saio bereziaren ondoren.

Lehendabizi, Jon Garañok Jose Mari Goenagarekin 2014an zuzendutako Loreak film arrakastatsua izango da ikusgai, 22:45ean. Hau ere Donostia Zinemaldiko sail ofizialean estreinatu zen eta Goya sarietarako izendapena jaso zuen. Berebat, Oscarretarako aurre-hautagaia izan zen.

Ondoren, Zarautzen erosi nuen (Aitor Arregi) eta Berriztagarria (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga) film laburrak eskainiko dira. Biak ala biak, Moriarti ekoiztetxearenak.