Itxi

telebista

20:00etan

Ander Gonzalez Albizturren izango da 'Historias a Bocados' saioan, gaur

A.E.|EiTB

Tolosaldeko herrian ezagunak dira bertako babarrun beltzak.

'Historias a Bocados' saioan, Ander Gonzalezek Albizturrera bisita egingo du gaur. Ezaguna da Tolosaldeko herria bertako babarrun beltzengatik.

Baratzean ereiten dituzte babarrunak bertako bizilagunek. Juan Mari Aramendik eta Mari Carmen Otaegik osatutako bikotea dugu horren adibide. Bere familiak hainbat txapela irabazi ditu Tolosan urtero izaten diren babarrun lehiaketetan.

Yuqueri Pedreira Anderren aspaldiko laguna da. Uruguayen jaio zen eta egun Albizturgo Ostatua gobernatzen du. Istorio asko kontatuko dizkio Anderri. Tartean, Ostatua ikastolako jantokia ere badela jakingo dugu, eta hilabetean behin ikastetxeko menuak antolatzeko nutrizionista batekin biltzen dela.

Eguneko postrea Jose Mari Zubizarreta Albizturgo okin eta gozogileak prestatuko du. Sagar-tarta egingo du. Aurretik, ostera, Jose Marik Anderri bere zaletasunaren berri emango dio, garai bateko moto eta auto bilduma ederra baitu Jose Marik.

'Historias a Bocados de Albiztur' gaur izango da ikusgai, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en