Itxi

telebista

'El Conquis'en 5. atala

Eider, 'erraldoi-hiltzaile' berria, Jagoba kanporatu ostean

EiTB

Urdinek, behingoz, garaipena lortu dute immunitate jokoan, eta ez edonolako proba batean, aizkolarien joko gogorrean baizik.

Eiderrek "El Conquistador del Caribe"ren 5. atalaren dueluan egin duen erakustaldiak aho-zabalik utzi ditu guztiak. Ez arerioek, ezta bere kapitainak ere ez zuten espero soka gainean horrelako balentriarik egingo zuenik. Astigarragakoaren joko bikainak bat baino gehiago isilarazi du, eta ziurrenik aurrerantzean kontuan izango dute jokoetarako.

Gorriek larrutik ordaindu dituzte nesken estrategia eta Ismaren eta Gorrotxaren hordagoa. Jagoba (bere hitzetan edizio honetan historia egitera deitua zegoen) oso gaizki atera da Eiderren aurkako norgehiagokan. Enekok ustez taldeko indartsuenetakoa delako bidali du kirol monitorea duelura. Haren hitzak zalantzagarriak badira ere, jokaldi biribila egin du berdeen kapitainak, eta taldeak bere horretan jarraitzen du, partaiderik galdu gabe.

Bata dela edo bestea dela, gorriek beti jasotzen dute jipoia. Hasiera-hasieratik "El Conquistador" saioan historia egiten saiatzen ari dira estrategia berriak proposatuta baina, oraingoz, behintzat, jokoa ustel ateratzen ari zaie eta taldea zatituta dago izendapenen garaian. Taldearen egoera urdinena bezain kezkagarria bilakatzen ari da, batez ere kontuan hartzen badugu Telmorenek, behingoz, garaipena lortu dutela. Ondorioz, lehen aldiz jatea lortu dute, baita biziraupenerako kita ere. Gainera, kanpamentu aberatsean patxadaz atseden hartuko dute.

Egia esan, immunitate jokoa inoiz baino berdinduago egon da. Urdinek mundu guztia harrituta utzi dute enborra mozteko abileziagatik, baina berdeek ere laster lortu dute berdintzea, Gotzonek oina moztu badu ere. Talde gorriari asko kostatu zaio enborra botatzea, baina azkenean oso parekatuta egon dira guztiak eta proba azken segundoetan erabaki da.

Urdinek sekulako festa egin dute! Samuluak pozez lehertu dira horrenbesteko gabeziaz egon ondoren. Eta, ezer jan gabe bizirauteko eta irabazteko gai izan badira, nork daki zertarako gai izango diren jan ostean. Urdinen garaipenarekin abenturak beste dimentsio bat hartuko du; orain, inoiz baino zailagoa da taldeen etorkizuna zein izango den jakitea.

Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, "Eguraldia" saioaren ostean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Orain arteko atal guztiak, berriz, EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.