Itxi

telebista

Txirrindularitza

Italiako Giroa, zuzenean, ETBn eta eitb.eus-en

A.A. | EiTB

Eguerdiko ordu bata aldera hasiko da egunero zuzeneko emanaldia ETB1en, eta iluntzetan etaparen laburpena izango da ikusgai ETB4n.

0:22

Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du Italiako Giroaren 101. edizioa. ETB1ek eta eitb.eus-ek arratsaldero egingo dute bat lasterketarekin 13:05ean. 'Gaur Egun' albistegiak irauten duen ordubetean emanaldia ETB4ra pasatuko da. Halaber, iluntzean, 19:40tik 20:30era, etaparen laburpena eskainiko dute ETB4n. Fermin Aramendik egingo ditu gidari lanak, Xabier Usabiaga eta Alfontso Arroio lagun dituela.

Guztira 176 txirrindularik parte hartuko dute aurtengo Giroan, 22 taldetan banaturik. Izen aipagarrienetako batzuk hauek dira: Tom Dumoulin, iazko irabazlea; Chris Froome, lau Tour irabazi dituen gizona; Fabio Aru, Giroan bigarren eta hirugarren izan den txirrindularia; Miguel Angel Lopez eta Esteban Chaves kolonbiarrak eta Thibaut Pinot frantziarra. Rohan Denis australiarra ere bertan izango da, bere lehenengo maglia arrosa janzteko helburuarekin.

Euskal ordezkaritza Markel Irizar, Victor de la Parte, Mikel Nieve eta Pello Bilbao txirrindulariek osatuko dute.

Jerusalemen hasiko da lasterketa 9,7 kilometroko erlojupeko batekin, eta aurreneko hiru etapak Israelen jokatuko dira. Orokorrean, Giro menditsua izango dela esan daiteke eta erlojupekoetan kilometro gutxi izango dira (44 inguru). Etapa menditsuak, ordea, zortzi izango dira eta denak goian amaituko dira. Etna sumendian hasi eta Alpeetako eta Dolomitetako mendate ezagun askotan egongo dira helmugak; Montevergine, Gran Sasso, Zoncolan, Sappada, Prato Nevoso, Bardonecchia eta Cervinia ospetsuetan.

Urteko lehen itzuli handia izanik, txirrindulariak eta zaleak bizikleta gosez daude eta horrek ikuskizuna ekarriko du.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kirolak
  • Telebista