Itxi

telebista

'El Conquis'en 18. atala

Ana kanporatu dute, dena gaizki egin ondoren

EiTB

Seletak irabazi du zakuen immunitate jokoa. Galtzailea, berriz, Ana izan da, eta Gotzon eta Eider izan ditu aurkari dueluan. Gotzon beste lehiakideek bidali dute duelura; Eider, Anak erabakita.

Anak "El Conquistador del Caribe" saioan izan duen amaiera Maritxu lagun minak izandakoaren antzekoa izan da. Biek izan dute azken egun izugarri txarra, etxera bueltatzeko txartel mingotsa eskuratuz bukatu dena. Maritxuren borreroa Lorea izan zen; Anarenak, aldiz, Gotzon eta Eider.

Dueluan, gasteiztarrak ez du lehen plataformara iristerik izan. Sinestezina dirudi abenturan horren urruti iritsi den lehiakide bat ezin iritsi izana kanporatze-dueluko lehen urratsera ere. Eiderrek eta, batez ere, Gotzonek proba itzela egin dute, bai jaurtiketetan baita tirolinetan ere. Horrela, aurtengo edizioa irabazteko faboritoen artean sartu dira biak. Dueluan, Gotzonek erakutsi du podiumaren lehen postuan Izetaren tokia hartzeko aukerarik baduela. Eiderren kasuan, egindako erakustaldiak indar handia emango dio abenturaren azken fasera indarrez gainezka iristeko.

Baina Anaren egun beldurgarria askoz lehenago hasi da, hain zuzen ere zakuen immunitate jokoan. Zakua lurpean aurkitu ez duen lehiakide bakarra izan da. Bere lagunak ez bezala, Seletak erakustaldia egin du titanentzako jokoan. Saihets-hezurreko mina bazuen ere, tematsu egin du azken maldan gora, Gotzon hurbil ikusita susperraldia izanda. Odei abantailarekin iritsi da hormara baina ezin izan du igo. Probaren azken zatian haren kexak besterik ez da entzun.

Patua apetatsua da, eta immunitatea ezusteko batekin iritsi da. Pribilegio horren eta beste guztien irabazlea saioa hasi zenetik pisu gehien galdu duena izan da. Odeik lortu du, horrela, Seletarekin kanpamentu aberatsera joateko txartela. Horrez gain, txokolatez betetako saski bat ere lortu du, baina Anak saria hondatu dio Julian aurrean zutela bonboi bat lapurtuta. Ordurako, argi zegoen Ana ezkerretik jaiki dela lo-zakutik. Normala denez, Odei tentel-aurpegiarekin gelditu da bere lagunaren umekeriaren aurrean.

Ostean gertatu dena jakina zen: lehiakideek Gotzon aukeratu dute duelurako. Taldera moldatzeko dituen zailtasunak eta Jassek emandako janaria ez partekatzeagatik erakutsitako berekoikeria jarri dituzte aitzakia bezala, baina horren atzean benetan dagoena da arerioek paretik kendu nahi dutela lehiaketa irabazteko faborito nagusia.

Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, "Eguraldia" saioaren ostean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Orain arteko atal guztiak, berriz, EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.