Itxi

telebista

22:30ean

'Xabi Prieto. Bihotz txuri-urdina' dokumentala, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Besteak beste, Asier Illarramendi, Mikel Aranburu, Jesus Mari Zamora, Amets Arzallus, Realeko nesken taldeko kapitainak, Xabiren familia eta kuadrilla ikusiko ditugu bertan.

0:27

Hamabost denboraldiz Realeko lehen taldean aritu eta gero, erretiroa hartuko duen Xabi Prieto futbolariari buruzko dokumentala eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek gaur, 22:30ean.

Xabi Prieto Argarate ikur bilakatu da Realean. 15 urte goi-mailan eta beti talde berean. Bihotza txuri-urdina du donostiarrak. Bere ametsa ez zen futbolari izatea; Realeko jokalaria izan nahi zuen. Eta amets hori bizitzen aritu da azken urte hauetan guztietan.

Bihotz txuri-urdina dokumentalean, Xabi Prieto prisma desberdinetatik ezagutuko dugu. Kirol ibilbideaz gain, bere egunerokoa eta bere beste futbol taldeak ere ezagutuko ditugu. Donostia, familia eta lagunak protagonista garrantzitsu izango dira. Lotsatia eta barnerakoia izan arren, zelaietatik kanpoko nolakoa den jakiteko aukera emango digu. San Tomas Lizeoak, bere kuadrillak eta etxekoek beste Xabi baten berri emango digute.

Gonbidatuen artean, besteak beste, Asier Illarramendi, Mikel Aranburu, Jesus Mari Zamora, Amets Arzallus, Realeko nesken taldeko kapitainak, Xabiren familia eta kuadrilla egongo dira.

Ikus-entzunezko lan honen egileak Joseba Urkiola eta Asier Aranguren dira, eta Antton Aldekoa aritu da errealizazio lanetan.