Itxi

telebista

Final Handia

Faboritorik gabe hasiko da gaur 'El Conquistador del Caribe'ko finala

EiTB

Orain arteko finalik arriskutsuenetako baten aurrean egongo dira gaur gauean Eider, Aiora, Zuriñe, Gotzon eta Seleta. Quebrada Valencia ur-jauzian egin beharko dute azken proba.

2018ko 'El Conquistador del Caribe' iritsi da amaierara. Gaur gauean jakingo dugu nor izango den konkistatzaile berria, edizio honetako irabazlea. Hiru emakume eta bi gizon dira hautagaiak (Eider, Aiora, Zuriñe, Gotzon eta Seleta), baina orain arteko edizio guztietako finalik arriskutsu eta zailenetako bat gainditu beharko dute gorenera iritsi ahal izateko.

Azken jokoa, final handia, ingurune paregabe batean jokatuko dute: Quebrada Valencia izeneko ur-jauzian. Santa Martan dago, Kolonbiako Magdalena departamentuko hiriburuan. Patxi Alonsok, Julian Iantzik eta Gotzon Mantulizek 'El Conquis' eztabaida-saioaren azken atalean aurreratu zutenez, ingurua zoragarria da. Karibe itsasertzean, baina Sierra Nevada de Santa Marta mendi elurtuen magalean dago. Hain zuzen ere, mendietako elurrak urtzen direnean sortzen da ur-jauzia, eta oso kilometro gutxitan iristen da Karibera, malda itzeletan behera eginez.

Finaleko proba ETB2ko reality saio honetako edizio guztietan egindako joko arriskutsu eta zailena izango da. Lehiakideek ur-jauzian gora egin beharko dute, ur izoztuan sartuta eta soka batzuen laguntzaz, ikurrina lortu arte. Arriskua lagun izango dute denbora osoan; izan ere, azken egunetako euriteek irristaleku arriskutsu bilakatu dute ur-jauzia; ur pila bat jaisten da eta, nahaste edo estropezurik izanez gero, erorikoa handia izan daiteke.

20180524205313_conquis-cascadas-quebrada-valencia_

Honaino iritsi diren bost lehiakideak pozak zoratzen eta aurrean duten erronkari heltzeko gogotsu daude. Gotzonen iritziz, finala oso polita izango da. Irabaztea da buruan daukan bakarra, eta hala ez suertatzeak min emango diola aitortu du.

Aiora, bere aldetik, honaino iritsi izanaz harro dago. Ahalik eta emakume gehienek aurrera egiteko estrategiaren bultzatzaile nagusia izan da. Joko hau oso arriskutsua dela uste du, baina "ibaiko neska" omen da bera, errekan ibiltzen oso ohitua omen dago, eta aurrera egiteko asmoa du.

Eider finalera iritsi den lehiakideetako diskretuena da. Fisikoki oso arina da. Gainera, gauzak lasaitasun handiz baina ausardiaz eta ziurtasunez hartzen ditu. Proba honi ere horrelaxe egingo omen dio aurre: poliki-poliki baina gelditu gabe.

Zuriñeren esanetan, neskak gogor borrokatuko dira; bera behintzat, bai. Duelurik egin gabe iritsi da finalera, baina jokoetan asko eman du. Triatloi munduan eliteko atleta izatearen fama izan du hasieratik, eta, oraingoan, badaki irabazteko gai dela erakutsi behar duela.

Azkenik, minduta baina, azken bi jokoak irabazi ondoren, moralez indartsu iritsiko da Seleta finalera. Saihetsetako minez jarraitzen badu ere, faboritoa dela pentsa dezake batek baino gehiagok. Hala ere, bere iritziz, proba gogor hau Gotzonen ezaugarrietarako egokia da.

Bost finalistek gau lasaia pasatu dute kanpaleku aberatsean, eta etxera joan aurretik dituzten azken orduez gozatzen ari dira. Ur-jauzira iristeko azken metroak zaldiz egin dituzte, ezinezkoa baita bertaraino motordun ibilgailuz iristea. Hori dela eta, inguruko paisaiaz gozatzeko aukera ere izan dute.

Finala Quebrada Valencian jokatuko da, baina baita Euskal Telebistak Donostian duen egoitzan ere. Gala Julian Iantzik aurkeztuko du, eta edizio honetako parte-hartzaile eta kapitain guztiak izango dira bertan. Gainera, ikusleen gustukoena aukeratzeko lasterketak martxan jarraituko du, eta hurrengo edizioan parte hartzeko casting-en datak emango dituzte.

Gaur gauean, 22:30ean hasita, izango da ikusgai finala eitb.eus-en eta ETB2n.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista