Itxi

101 Gaztelu

5. saioa

Miren bota dute Zaldunek, Bilauek eguneko proba guztiak irabazi ostean

EITB

Imanol Agirre pilotari ohiaren laguntza izan dute Bilauek, lehenak izan baitira ibilaldia amaitzen. Bestalde, 30 segundoko abantaila oso baliagarria izan zaio talde gorriari Jokoa irabazteko.  

Egun gogorra izan dute '101 gaztelu'ko lehiakideek. Bosgarren saioan, Manu Maritxalarren Bilauak nabarmen gailendu dira, eta Imanol Agirre pilotari ohiaren laguntza lortu dute. Lasto fardelez betetako gurdia bultzatzeko, oso ongi etorri zaie haren laguntza, baina gainera, 30 segundoko abantaila oso baliagarria izan da eurentzat Jokoa irabazteko. Beraz, Zaldunek porrot bikoitza izan dute, eta, taldekide ahulena izan denez, Miren bidali dute etxera.

Bigarren jokoa jarraian galdu zuten iragan astean Bilauek, eta, horren ondorioz, izarpean egin behar izan du lo Manu Maritxalarren taldeak. Goñiren Zaldunek, berriz,  oso gau lasaia pasatu dute. Ondo egin dute lo auto-karabanaren goxotasunean, eta bapo afaldu dute.

Une latzak igarotzen ari badira ere, eta ahul badaude ere, Bilauak gogotsu esnatu dira. Rakelek botaka egin du, eta Manuk zorabio bat baino gehiago izan du. Baina umore onez daudela ematen du, eta goiza abesti eta barre artean eman dute.

Goizean goiz, eguneko arrastoa jaso dute talde biek. Bilauen kasuan, gainera, Anek, lehiakide berriak, ekarri die arrastoa. Hasteko, ibilgailua utzi, eta oinez abiatu dira hurrengo helmugara, Ozioko gaztelura, hain zuzen ere. Berehala jarri dira martxan.

Oziorainoko ibilaldia ez da oso luzea, baina azkar egin behar dute bidea pertsonaia ezagunaren laguntza lortzeko. Mirenek ezin du Zaldunen erritmo bizia jarraitu, eta arazo ugari izan ditu taldearekin batera egoteko. Bilauak, bestalde, ahalegin handirik egin gabe heldu dira helmugara. Lehenengoak izan dira Manu Maritxalar eta haren taldekideak eta, jokoan, Imanol Agirre pilotari ohiaren laguntza izateaz gain, 30 segundoko abantaila izan dute.

Oso proba gogorra izan da aste honetakoa. Lehiakideek lasto fardel batzuk jarri behar izan dituzte bata bestearen gainean gurdi batean eta, bultzaka, gurdia gazteluraino igo  behar izan dute armarria eskuratzeko.

Bilauak izan dira azkarrenak proba egiten Imanol Agirre laguntzari esker, eta, jakina, 30 segundoko abantaila baliatuta. Ondo ospatu dute garaipena, eta Manu Maritxalarrek, goizean taldekideei agindutakoa betez, kanta bat abestu du. Sari moduan, oilasko batzuk jaso dituzte Bilauek, eta asko eskertu dute, gainera, zer afaldu izatea, bi egunez jarraian ezer jan gabe izan direlako.

Aldiz, Zaldunak furgoneta txirora itzuli dira, eta, gainera, kide bat galdu dute Kontseiluan. Badirudi denek argi dutela nori eman behar dioten botoa. Izan ere, Miren izan da ahulezia handiena erakutsi duena, eta, horregatik, hark jaso du boto gehien.

Aspaldiko partez, ondo jan dute Bilauek. Baina, otorduaren ostean, ezusteko bat izan dute: eguneko bigarren arrastoa jaso dute. Lizarratik hurbil, harresiz inguratutako herri bat aurkitu behar dute. Ez Bilauek, ez Zaldunek ez dakite zein herri bilatu behar duten, baina Lizarrako bidean jarri dira berehala.

Bidetik hainbat aldiz galdezka ibili eta gero, eta herria Artaxoa dela jakin ondoren, Mikel Goñiren taldea lehen postuan heldu da helmugara. Han, Mikel Elizegi aurkezlea hartu dute laguntzaile moduan. Laster joango dira ohera, izan ere, hurrengo goizean goiz esnatu behar izango dute Jokora joateko. Baina hori, beste egun batean izango da.