Itxi

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Omenaldia

Dantzan amaitu da Behija Orucen eta Mari Jose Ansalasen omenaldia

A.A. | EiTB

Lejlak eta Eminak, Behijaren alabek, eurei bizitza hobea emateko egin duten lan guztia eskertu nahi izan diete "Asko Maite Zaitut" saioaren bidez.

11:47

Behija Oruc eta Mari Jose Ansalas, Ordiziako bi emakume, omendu dituzte "Asko Maite Zaitut" saioan. Behijaren alabak, Lejla eta Emina, izan dira omenaldiaren bultzatzaile. Gerratik ateratzeko eta bizitza hobea emateko egindako lan guztia eskertu nahi izan diete.

Behija Orucek bosniarra da sortzez. Balkanetako gerran alargun gelditu ostean, 1992an handik ihes egin zuen, eta Ordiziara iritsi zen, Lejla eta Emina alabatxoekin batera. Gorazde hirian bizi ziren ordura arte. Ordiziara iritsi zenean, Mari Jose Ansalasek lagundu zion askotan; batik bat, Lejla eta Emina zaintzen, Behijak lanera joan behar izaten zuenean. Mari Jose bigarren ama izan da Lejla eta Eminarentzat ("amatxi" deitzen diote) eta ahizpa moduko bat Behijarentzat. Behija, berriz, adore handiko emakumea, alabengatik edozer egiteko gai dena.

Bizi izan dutenaren ondorioz, eta egin duten lan guztiaren ordainetan, omenalditxo bat egin nahi izan diete bi emakumeei Lejlak eta Eminak. "Eskerrik asko" eta "asko maite zaitut" esan nahi izan diete biei. Horretarako, Zuhaitz Gurrutxagak aurkezten duen saioak beste bi konplize ere izan ditu: Koro Bosque, Behija eta Mari Joseren laguna, eta Karmele Lazkanoiturburu, Mari Joseren lehengusina.

Mari Jose eta Behijaren omenaldia Segurako plazan egin dute. Kafe bat hartzen ari zirela, Bosniako hizkuntzan mezu bat entzun dute bi emakumeek: egindakoagatik eskerrak eman dizkie Lejlak mezu horretan. Bere hizkuntza entzutea sorpresa handia izan da Behijarentzat. Hunkitu egin da, eta are gehiago hunkitu da lurrean "asko maite zaitut" irakurri duenean, hori ere bere hizkuntzan.

Ondoren, Behijaren Bosniako familiaren agurrak ikusi dituzte bideoan: han agertu dira bere ahizpa eta koinatua, eta baita bere ama ere. Mari Joseri eta Ordiziako lagun guztiei eskerrak eman dizkiete Bosniatik familia osoari emandako laguntzagatik. Emozio horiek guztiak amaitzeko, Andoni Egañaren eta Sebastian Lizasoren bertsoen ondoren, Bosniako dantza tradizional bat eginez amaitu dute omenaldia.

EiTB Nahieran atarian dago ikusgai Behija eta Mari Jose protagonista izan dituen saio osoa.