Itxi

Bago!az

Bago!az

Bago!az

Saio berria

'Bago!az' talent showa estreinatuko du ETB1ek, gaur gauean

Zuriñe Hidalgo aurkezle, 13 lehiakide eta Anjel Alkain, Alex Sardui, Karmele Larrinaga, Maria Amolategi, Ylenia Baglietto, Xabier Saldias, Iñigo Azpitarte eta 'Go!azen'ko aktore bat laguntzaile.

1:55

'Bago!az' talent showa estreinatuko du gaur gauean ETB1ek, Zuriñe Hidalgok aurkeztuta. Musika eta dantza ardatz dituen saio honen irabazleak 'Go!azen' telesail arrakastatsuaren hurrengo denboraldian parte hartzeko txartela irabaziko du.

Hamahiru lehiakide arituko dira nor baino nor gehiago 10 astetan. Astero zortzi lehiakidek parte hartuko dute eta horietako bat kanporatuko dute. Astero irabazle bat izango da, boto gehien lortzen dituena. Irabazleak immunitatea lortuko du hurrengo asteko galarako, eta beste lehiakide bat sartuko da galtzailearen ordez. Elkarrekin lehian arituko dira lehiakideak agertokian, eta bakoitzak ospetsu bat izango du bikotekide. Zortzi ospetsuei suertatuko zaie epaimahaikide izatea.

Zazpigarren saiotik aurrera kanporatzen dituzten lehiakideak ez dituzte ordezkatuko, eta finalera lau lehiakide iritsiko dira. Final honetako garaileak 'Go!azen'eko hurrengo denboraldian aktore izateko txartela irabaziko du. Pausokak eta ETBk ekoitzitako saio berria Jabi Elortegik zuzenduko du, 'Go!azen' telesailaren zuzendariak.

Lehiakideek lagun izango dituzten zortzi famatuak hauek izango dira: Anjel Alkain, Karmele Larrinaga, Xabier Saldias, Ylenia Baglietto, Maria Amolategi, Alex Sardui, Iñigo Azpitarte eta 'Go!azen'eko aktore bat (lehenengo aste honetan, Paula Etxeberria Twin Melody bikoteko kidea, alegia). Astero famatu batek lehiakide bati lagunduko dio. Bere gisa egingo du eta alderdi ezberdinak landuko ditu, lehiakidea benetako show man-a edo show woman-a bilaka dadin.

Horrez gain, bi irakasle garrantzitsu izango dituzte lehiakideek dantza eta musika trebatze lanetan. Batetik, Carlos Nguema donostiarra izango dute dantzan eta agertokian nola mugitu behar diren erakusteko, eta, bestetik, Joxe Mendizabal musikariaren laguntza izango dute kantatzeko modua lantzeko.

Lehiakideak aukeratzeko casting handia egin zuten ETBk eta Pausoka ekoiztetxeak, eta hauek hautatu zituzten: Aitzol Ibarloza (18 urte, Donostia), Iholdi Beristain (16 urte, Portugalete), Jonatan Yelamos (19 urte, Bilbo), Maria Ereña (20 urte, Sodupe), Endika Bengoetxea (18 urte, Hernani), Sara Nieto (18 urte, Zorrotza), Iñaki Torralbo (23 urte, Bakio-Bermeo), Maitane Lopategi (17 urte, Mungia), Imanol Cabrejas (18 urte, Bilbo), Iñaki Ainciburu (18 urte, Atarrabia), Luka Azurmendi (18 urte, Donostia), Karmele Gurbiondo (19 urte, Atarrabia) eta Sara Alonso (17 urte, Aramaio).

Saioan, lehiakideak ikasten ari direneko irudiak eta galaren irudiak tartekatuko dituzte. Berebat, emanaldia eskaini aurretik eta ondoren, lehiakideen urduritasuna eta iritziak bilduko dituzte atal bakoitzean.

'Bago!az' 22:15ean izango da, asteazkenero, eitb.eus-en eta ETB1en.