Itxi

Go!azen

Go!azen

Go!azen

Telesail berria

'Euskararen Txantxangorria' bideoklipa egin du 'Go!azen'ek

A.A. | EITB

Uztailaren 26an hasiko dira telesailaren bigarren denboraldiko hamar atal berriak grabatzen. Twin Melody ahizpak, Barbara Rivas eta Ramon Agirre izango ditu aktore, besteak beste.

2:49

'Go!azen' telesailak 'Euskararen Txantxangorria' ekimenean parte hartu du, kanpainako abestiarekin bideoklip bat eginez. Gaur, osteguna, Euskararen Txantxangorria bideoklipa aurkeztu dute Donostiako Kursaalen egindako ekitaldi batean. Horrez gainera, bigarren denboraldiko hamar atalak uztailaren 26an hasiko direla grabatzen jakinarazi dute ekitaldian. Bertan izan dira parte hartuko duten aktoreetako batzuk, tartean, Paula eta Aitana Etxeberria (Twin Melody ahizpak), Barbara Rivas (Irati) eta Ramon Agirre (Zuzen).

'Go!azen'eko aktoreek ere euskara erabiltzea gonbidatzen duen 'Euskararen Txantxangorria' ekimenean esku hartu nahi izan dute. Hartara, txantxagorriaren abestiaz egin den bideoklipean parte hartu dute. Abestia, Sorotan Bele taldeko kide izan ziren Urbil Artolak eta Gorka Sarriegik sortu dute, Dani Venegasen laguntzaz.

Donostiako Kursaalen egindako aurkezpenean, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak, Edu Barinaga ETBko zuzendariak eta Xabi Zabaleta Pausokako Proiektuen zuzendariak parte hartu dute. Halaber, telesaileko babesleen ordezkariak ere izan dira: Marije Etxaniz, Laboral Kutxako Komunikazio zuzendaria; Nerea Enbeita, Euskalteleko Kanpo Harremanetarako arduraduna; Mikel Irizar, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria, eta Maitane Leizaola, Bizkaiko Foru Aldundiko Bizkaiko Behatokiaren zuzendari nagusia.

Azkenik, 'Go!azen'eko aktore nagusiek parte hartu dute ekitaldian: Paula eta Aitana Etxeberria, Miren Arrieta, Barbara Rivas, Markel Gajate, Lorea Korta, Ainhoa Larrañaga, Asier Burguete, Borja Uribesalgo, Haritz Morras, Ramon Agirre, Oihan Moreno eta Aritz Mendiola.

Telesailaren grabazioa

Uztailaren 26an hasiko dira grabatzen 'Go!azen' telesaila. Azpeitiko Jesusen Bihotzaren Esklaben komentua izango dute berriro ere grabazio gune nagusia, baina, horrez gainera, Donostian ere filmatuko dituzte atal berrietako irudiak.

Pausoka ekoiztetxeak eta ETBk ekoitzitako telesailak udaleku zorrotz batean euskal neska eta mutil talde baten ibilerak ditu ardatz. 2008an ETB1eko filmik ikusiena bilakatu zen Pausokak egindako 'Go!azen' telebistarako filma, eta 12 ataleko telesail sorta egin zuten ondoren: 'Go!azen'en lehen denboraldia. Telesailak Espainiako Telebista Akademiaren saria jaso zuen haur/gazteentzako saio onenaren sailean, eta izendapena ere jaso zuen Rose D'Or sari entzutetsuetan.

Zortzi urte geroago, berriro zabalduko dute Basakabi udalekua, ikasle talde berri bat hartzeko. Umorea, maitasuna eta musika tartekatuko ditu telesailak hamar ataletan. Bizitza aldatuko zaie uda horretan bertan egongo diren neska eta mutilei.

Paula eta Aitana Etxeberria (Twin Melody), Miren Arrieta, Ainhoa Larrañaga, Lorea Korta, Markel Gajate, Haritz Morras, Aritz Mendiola, Asier Burguete eta Oihan Moreno aktore gazteak lehen aldiz jarriko dira kamera aurrean telesail batean. Horiekin batera, Ramon Agirre (Zuzen) aktore ezagunak zuzendari gogorrarena egingo du berriz ere, eta Barbara Rivas (Irati), Basakabiko ikasle izan ondoren, irakasle berri gisa itzuliko da. Halaber, 'Go!azen'en lehen aldiz arituko dira Borja Uribesalgo eta Karmele Larrinaga.

Euskal abesti ezagun asko entzun ahal izango dira telesailean. Boladan dauden Gatibu, Ken Zazpi, Zea Mays, Esne Beltza, Vendetta eta Hesian taldeen bertsioez gain, Mikel Laboaren eta Itoizen klasikoak ere entzun ahal izango ditugu. Denboraldi honetan ere, Fernando Velazquez (El Orfanato, Lo Imposible...) arduratuko da abestiak egokitzeaz, eta Jabi Elortegi izango da berriro telesailaren zuzendaria.