Itxi

Go!azen

Go!azen

Go!azen

Denboraldi berria

Kukai dantza taldeak 'Go!azen'en grabazioan hartu du parte

A.E. | EiTB

ETB1eko telesail arrakastatsuaren denboraldi berria ari dira grabatzen aurtengo udan Azpeitian, eta Jon Mayak zuzentzen duen taldeko dantzariak bertan izan dira.

0:34

Asteazken honetan, Kukai dantza taldeak 'Go!azen' telesailaren grabazioan hartu du parte. ETB1eko telesail arrakastatsuaren denboraldi berria grabatzen ari dira aurtengo udan Azpeitian, Jesusen Bihotzaren Esklaboen komentuan, eta Jon Mayak zuzentzen duen taldeko dantzariak han izan dira, denboraldi berrian parte hartzeko.

Kukai Errenteriako dantza talde saritua telesaileko azken atalean arituko da, trama nagusiko koreografia batean. Bertan, Enkore taldeko Ozen oihukatu abestiaren bertsio bat abestu eta dantzatuko dute telesaileko protagonistek Kukai taldeko kideekin batera. Abestia, jakina, estilo ezberdinetara moldatu eta egokituko dute.

"Denboraldi berrian, musika eta dantzako alor eta estilo ezberdinak ekartzeko ahalegina egiten ari gara, eta horren adierazgarri ditugu Kukairen parte hartzea azken atalean eta Euskadi Orkestra Sinfonikoarena lehenengoan", azaldu du Xabi Zabaleta Pausoka ekoiztetxeko Proiektu Berrien zuzendariak.

Ekainaren 20an hasi ziren grabatzen 'Go!azen' telesailaren denboraldi berria, eta abuztuaren 25ean amaituko dute. Pausokak eta ETBk ekoiztutako telesailak Basakabi udalekuan euskal neska eta mutil talde baten ibilerak ditu ardatz. 2008an sortutako proiektuari iaz eman zioten segida, eta arrakasta handia izan zuen gaztetxoen artean.

Datorren ikasturtean, beraz, Basakabi udalekuko abenturek jarraituko dute ETB1en. Umorea, maitasuna eta musika tartekatuko ditu telesailak hamahiru atal berritan.

Aurreko denboraldian aritutako Paula Etxeberria, Miren Arrieta, Ainhoa Larrañaga, Markel Gajate, Aritz Mendiola, Asier Burguete eta Oihan Morenorekin batera, Nerea Mazo, Sara Nieto, Beñat Iturbe eta Iholdi Beristain lehen aldiz jarriko dira kamera aurrean telesail batean. Azken horrek 'Bago!az' saioa irabazita lortu du 'Go!azen'en parte hartzeko txartela. Ramon Agirrek, Karmele Larrinagak eta Inma Fernandezek ere jarraituko dute.

Hainbat garaitako euskal abesti ezagun asko entzun ahal izango dira telesailean berriro ere: Negu Gorriak, Gatibu, Urtz, Xabi Solano, Hesian, Huntza, Berri Txarrak, The Uski´s taldeena, esate baterako.