Itxi

Goenkale

Goenkale

Goenkale

Agur, Goenkale

21 urteren ondoren, bukatu da 'Goenkale'!

A.A.

EiTB

Boga taberna ez dute botako, Hodeik eta Taniak bikote harremana abiatu dute, Amalia hil zuela aitortu dio Arantzak Nekaneri, eta Itxasok eta Ibonek elkar maite dutela.

3:37

21 urte, 3.707 atal eta 1.854 emisio orduren ondoren, iritsi da "Goenkale" telesailaren azken atala. Bertan ikusi dugunez, azkenean ez dute Boga taberna botako; are gehiago, diru laguntza jasoko dute.

Boga Arraldeko bihotza izan da beti. Taberna horretan hasi zen telesaila 1994ko urriaren 3an. Orduko hartan, Jose Mari Lasa eta Maria Luisa Galardi senar-emazteak ziren tabernako jabeak. Jose Marik, Leonor kubatarrari utzi zion taberna hil zenean eta, hainbat joan-etorriren ostean, Leonor dugu orain ere etxeko-andre.

Azken hilabete hauetan saiakera ugari egin dituzte Leok eta tabernako langileek Boga bizirik mantentzeko, egutegi erotiko bat ere egin zuten arrakasta handiz, baina dena alferrik izan da; ez dute behar adina diru lortu eraikina konpontzeko. Beraz, Ertzaintzak itxi egin du. Hala ere, batzuk ez dute etsiko eta azken unera arte borroka egin dute Axunek eta gainerako herritarrek. Azken unean Imanol Bogara bertaratu da, eta erakundeek eraikina eraberritzea erabaki dutela jakinarazi die herritarrei. Ospakizunetan, Jose Mari eta Maria Luisarekin oroitu dira arraldetarrak.

Bestetik, azken denboraldi honetako protagonista nagusiak Etxegaraitarrak izan dira. Arantza mila borrokatan sartuta ikusi dugu. Semea salbatze aldera, ustez ama zuena (Amalia) hiltzeko gai den emakumea dela ikusi dugu hilabete hauetan; baita ere familiako farmazia dela bere bizitza; senarrarekin eta Taniarekin, adoptatutako alabarekin, oso krudela izan daitekeela eta antzinako kontuak ez dituela ahazten.

Baina borroka guztiak galdu ditu: lehendabizi farmazia nebari utzi zion amak herentzian, ondoren senarrak dibortzioa eskatu zion eta, azken aldian, seme-alabak, Hodei batik bat, behin baino gehiagotan oldartu zaizkio. Honek guztiak etsitzera eramango ote duen edo lehenean jarraituko ote duen ikustea falta zitzaigun. Azken atalean ikusi dugunez, Amalia berak hil zuela aitortu dio Arantzak Nekaneri ertzainetxean. Bestalde, asko maite dituela esan die seme-alabei.

Maitasuna ere ez da falta Arralden. Hodeik eta Taniak juzkuak alde batera utzi eta bikote gisa harreman bat hasi dute. Itxasok Ibon berreskuratzeko plan ero bat egin du, baina ez zaio oso ongi atera. Dena den, azkenean konturatu dira elkarrekin maiteminduta daudela, eta beraien arteko harremana abiatu dute berriz ere. Kandidok eta Aliziak ere maitasunari ateak zabaldu dizkiote. Bestalde, Axunek poz handia hartu du, amona izango dela jakin duenean.