Itxi

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

Elkartasun ekimena

'Aldapan gora' bideoklipa estreinatuko da gaur 'GTG'n

A.A. | EiTB

Aspanogi elkartearekin, minbizidun haurrekin eta Huntza taldearekin grabatu zuten bideoklipa nola gelditu den ikusiko dugu.

"Aldapan gora" abestiaren bideoklip solidarioa grabatu zuten Huntza taldeak, "Gu Ta Gutarrak" saioak eta Aspanogi elkarteak Donostia Ospitalean eta gaur estreinatuko da bideoa 21:00etatik aurrera ikusgai izango den saioan. 'GTG'k eta azken aldian hain ezagun egin den musika taldeak bat egin dute minbizidun haurren gurasoen elkartearekin, gaixo dauden umeei bizipoza, indarra eta energia positiboa emateko.

Xabi, Mikel Alvaro, Xandra, Alaitz, Eider, Itsaso eta Arrate gutarrek, Txurru eta Amaia kuxkuxeroek, Huntza taldeko musikariek eta gaixo dauden 2 eta 13 urte bitarteko haur eta gazteek hartu dute parte bideo honen grabazioan.

Bideoklipa gaur estreinatuko da "GTG" saioan, baina aurretik, grabazioko unerik onenak eta nola egin den erakusten duten bideoak ikusi ahal izan dira programan bertan.

Minbizidun haurrei etxera edo ospitalera joaten zaien irakasle baten deiaren ondorioz jarri ziren harremanetan "Gu Ta Gutarrak" saioa, Aspanogi elkartekoak eta Donostia Ospitaleko langileak, eta horrela sortu da ekimen hau. Irakasle hark Jaime gaztearen kasua azaldu zien "GTG" saioko arduradunei: minbizia du eta etxean edota ospitalean ematen ditu egun asko, eskolara joan gabe. Ordu luze horiek errazago igarotzen laguntzen dio ETB1eko saioak eta oso gustuko ditu Txurru kuxkuxeroa eta Eider lehiakidea. Jaimek ez ezik, ospitaleko erizainek aitortu dutenez, gaixo dauden gaztetxoen geletan egunero ikusten da saioa, eta aurrera egiten laguntzen die.

Jaimek 'Gu Ta Gutarrak' saiora etorri ahal izan zuen azaroan, eta bertatik bertara ikusi zituen bere gustuko lehiakideak eta kuxkuxeroak. Orain, bideoa grabatzeko, gutarrak joan dira ospitalera tratamentuan dauden haurrei eta gazteei bizipoza eta energia positiboa eramateko asmoz. Eta horretarako, oso aproposa da Huntza taldearen "Aldapan gora", Top Gaztean lehen postuan dagoen abestia.