Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

Ormaiztegi, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi'n

EITB

Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi Irizar autobus batean iritsiko dira Gipuzkoako herri horretara.

Gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Gipuzkoako Ormaiztegi herrian izango dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi, bertako bitxikeria eta istorioak ezagutzen. Iritsi, gainera, Goierriko herri horretan hain esanguratsua den Irizar autobus batean iritsiko dira.

Zuhaitzek betiereko maitasun istorio batekin hasiko du goiza, Maite eta Joxeren maitasun istorioarekin. Etxearen barreneraino sartu, eta bikotearen egunerokoan murgilduko da. Mikel Irizarren bitartez, Ormaiztegin hain estimatuak diren odolkien sekretuak jakingo ditu. Intza Maiora herritarrak garai bateko bainuetxearen gorabeherak eta herriko iturburu bereziak erakutsiko dizkio. Eta eguna dotore jantzita bukatuko du Gurrutxagak, Ormaiztegin jada errotuta dagoen 'Elegante eguna' arakatu eta modu xumean ospatuta.

Pagadik, eguna abiatzeko, Ainhoa ezagutuko du, Ormaiztegiko tabernaria, duela zenbait hamarkada eslaviar filologia ikasitako herritarra. Bere iraganeko bidaia, hizkuntza eta bitxikeriak kontatuta, errusieran barneratzeko oinarri batzuk irakatsiko dizkio. Pagadi, gero, herriaren ezizena ikertzen arituko da tarte batez, herri hizkeran harrikalariak baitira Ormaiztegiko biztanleak; horren zergatiak azalduko dizkio Xabin Ezkurdiak. Irizar lantegiko inguruetan dabilela, Angel ezagutuko du Pagadik. Enpresaren nondik norakoak kontatuko dizkio Angelek Pagadiri, hasi enpresaren historiatik eta bezeroen eskakizunik bitxienetaraino. Saioaren amaiera aldera, Borjarekin izango da Pagadi, harri jaurtiketan herriko errekorra duen gaztearekin. Erronka eta apustu baten lekuko izango da gainera.

'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur emitituko da 22:00etatik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.