Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

Esteribar, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi'n

EITB

Nafarroako Esteibar herriko biztanleen kontuak ezagutuko dituzte Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik.

0:23

Igande honetako 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Esteribarko (Nafarroa) lurretan izango dira Zuhaitz eta Pagadi. Nafarroako ipar-ekialdeko udalerri honetara iristeko, antikuarioen auto bat baliatuko dute. Bidean, ezpata gudu txiki bat ere egingo dute.

Zuhaitzek Iragi inguruan hasiko du eguna, elur artean. Bertan aurkituko du Gaspar, etxe atarian, hotzik gabe, hotzari aise egiten baitio aurre Gasparrek. Hotza lotarako ona dela dio: egunero egiten du lo leihoa irekia duela. Berogailua ere ez du piztu azken hamazortzi urteotan. Lehengo eta oraingo kontuak kontatuko dizkio Gasparrek Zuhaitzi. Urdaitz inguruan, berriz, Maider ezagutuko du Zuhaitzek. Iaz, herriko festak indartzeko ekitaldi berezi bat antolatu zuten Urdaitzen: 'Gazta ihesean'. Ingalaterran egiten duten gisara, gazta bat landan behera bota, eta haren atzetik abiatu ziren lehiakideak. Zuhaitzek aurtengo festetarako egokitzapenak egiten lagunduko dio Maiderri.

Eugin, berriz, Txato ezagutuko du. Basurdeak ehizatzea gustuko du Txatok, nahiz eta ehizatzen baino abilagoa den horiek sukaldean prestatzen. Eugiko ur miragarriaren berri ere emango dio Zuhaitzi; antza, Miguel Indurainek berak bertako ura hartzen zuen entrenamenduetan. Eugiko ura izango ote da bost Tour irabazteko sekretua? Zubiriko kaleetara mugituta, berriz, Gloria ezagutuko du Zuhaitzek, Esteribar osoan, eta bereziki Zubirin, oso maitatua den herritarra. Koaderno batean eguneko lanak idazten ditu Gloriak: besarkada bat eman beharra, abestea, muxu bat ematea… eta eguneko lan horiek denak egikaritzen lagunduko dio Zuhaitzek. Eguna bukatzeko, Zuhaitz Gendulain aldera mugituko da. Esteribarko herri txiki-txiki bat da Gendulain, eta hauxe da bere berezitasuna: zortzi biztanle ditu herriak, eta zortzi biztanleak familia berekoak dira. Gartxotek eta Anttonek emango dizkiote azalpen denak Zuhaitzik.

Pagadik, berriz, Ollokin hasiko du eguna. Esteribar osoa basoz eta zelaiz osatua dagoen arren, Olloki oso urbanoa da. Iruñetik aski gertu dago, eta 10 urtean nabarmen hazi da bertako biztanleria. Lehen, 14 ziren herrian, eta, egun, 1.000 biztanletik gora dira. Fabiolak emango dizkio azalpen guztiak. Eugi inguruan, berriz, Mitxel ezagutuko du, sendabelarrekin esperimentuak egiten dituen herritarra. Mitxelen oiloak antzu samarrak dira; 20 oilo ditu, eta, egunean, arrautza bat eskuratu ohi du gehienez. Hori dela eta, belarrekin oiloen ugalkortasunean eragin nahian aritzen da.

Irotz herrian, berriz, Omkar ezagutuko du Pagadik, dela uda, dela bero, dela izotz. Arga ibaian bainua hartzea maite duen herritarra. Omkarrek maite du bere espiritualtasuna lantzea. Yoga klaseak Argako bainu hotzekin tartekatzen ditu, eta, bide batez, Pagadiri euskarazko mantra bat erakutsiko dio. Urdaizko kaleetan, Ainhoa ezagutuko du. Ainhoak baserri lanak errazteko negutegi inteligente bat du. Mugikorrean duen aplikazio bati esker, negutegian ez du lan handirik: aski du mugikorreko aplikazio batean eguratsari eta lurrari dagozkion balioak sartu eta zenbait egunen buruan ortuaria biltzea. Azkenik, eta bukatzeko, Inbuluzketara joango da Pagadi. Bertan aurkituko du Jon, bizi osoan batetik bestera nomada baten gisa aritu den artzaina. Ardiekin maiteminduta dago Jon, eta munduko hainbat txokotan bizi izan da, beti ardien inguruan. Orain, ordea, Inbuluzketan bota ditu sustraiak.

'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur izango da ikusgai 22:00etan eitb.eus-en eta ETB1en.

en.