Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

Agurain, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi'n

A.E.|EiTB

Auto elektriko batean iritsiko dira bertara, baina kostata, bateria kargatzea ahaztu baitzitzaien bezperan.

0:23

Igande honetako 'Herri Txiki, Infernu Handi'ko emankizunean, Agurainera (Araba) joango dira Zuhaitz eta Pagadi. Auto elektriko batean iritsiko dira bertara, baina kostata, bateria kargatzea ahaztu baitzitzaien bezperan.

Zuhaitzek Opakua herrian hasiko du eguna. Bertan aurkituko du Ixabel, gosari dietetikoak hartzea maite duen herritarra. Orain arte bisitatu dituen herri gehienetan, gosari sendo eta koipetsuak eskaini izan dizkiote; Ixabelek, berriz, eduki dietetikoz betetako jakia eskainiko dio. Lortuko al du Zuhaitzek gosaria bukatzea? Ala etxeko txakurrak jango du azkenean? Aguraingo erdigunera jaitsita, Ainitze ezagutuko du lehendabizi: barazkiak gustuko ez, eta dietaren parte handi bat patatekin betetzen duen aguraindarra.

Arantxaren eskutik, berriz, erlaxazio teknika guztiz bitxiak ikasiko ditu. Bizikleta batera igota, Aguraingo kaleetan aharrausi eta oihuak eginda eta abestiak kantatuta erlaxatzen da Arantxa. Zuhaitzek teknika horien guztien berri jasoko du, eta Sorginetxeko trikuharriraino joango da erlaxatzera. Erdigunean, berriz, Haleema ezagutuko du Zuhaitzek, Agurainen bizi den 16 urteko pakistandarra. Haleema hiru hizkuntzatan mintzatzeko gai da: urdueraz, punjabieraz eta euskaraz. Aguraingo herritarrekin, beraz, euskara hutsean egiten ditu harremanak. Azkenik, Izaskun ezagutuko du Zuhaitzek, edozein estilotako musikari arin-arina txertatzen dion gaztea. Izaskunek argi utziko dio euskal dantza tradizionala guztiz hibridagarria dela diskoteketako musikarekin.

Pagadik, berriz, Aguraingo udaletxeko misterioetan arakatuz hasiko du eguna. Izan ere, udaletxearen barruan ermita bat dago, eta herriko eraikinik zaharrenetakoa da, gainera. Toki berezi eta bitxia, ezkontza zibila nahi duena, udaletxera joan, eta azkenean bertako ermitan ezkontzen delako. Alabaina, ez da Pagadik egunean zehar aurkituko duen bitxikeria bakarra, Iturrietan Patataren Haztegia Hobetzeko Aztertokia topatuko baitu. Itsas mailatik ia 1.000 metrora kokatutako toki berezia da Iturrieta, eta, bertan, patata barietate berriak sortzen dituzte, patataren kalitatea hobetzeko helburuarekin.

Iker Pastor herritarraren eskutik, berriz, droneen mundua ulertzen arituko da Pagadi. Ikerrek Aguraingo Dronetikan enpresan egiten du lan. Bere droneari esker, galdutako animaliak eta ganaduak nora mugitu diren ikusten du. Horrez gain, Ikerren dronek aurpegiaren jarraipena egiten dute. Pertsona bat nora, dronea atzetik segika hasten da. Pagadik berak ere dronearen jarraipenaren presiopean igaroko du tartea. Azkenik, eta bukatzeko, Aintzanek porreroaren eta sorginaren gorabeherak kontatuko dizkio Pagadiri. Aguraingo inauterietako ezinbesteko pertsonaiak dira porreroa eta sorgina. Urtero, herritar batek izaten du pertsonaietako baten rola jokatzeko ardura, baina inortxok ere ez du jakiten nor den, herritarraren izena ez baita jakinarazten. Pagadik, une batez bada ere, porreroaren papera jokatuko du.

Istorio hauez gain, Agurainen hain ohikoa den punk-rock musikak ere izango du bere lekutxoa. Saioa gaur izango da ikusgai, 22:00etan, ohi bezala, eitb.eus-en eta ETB1en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.