Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

Amoroto, gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi'n

EITB

Gurpildun aulki elektriko banatan helduko dira Zuahitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi Lea Artibai eskualdeko herri honetara.

0:23

'Herri Txiki, Infernu Handi' emankizunean, Bizkaiko Amoroto herria bisitatzera joango dira gaur Zuhaitz eta Pagadi. Gurpildun aulki elektriko banatan iritsiko dira bertara, haiengan hain ohikoak diren aldrebeskeriak eginez. Erdi Aroan ohikoa zen 'justa' borroka eginda ailegatuko dira Lea-Artibai eskualdeko herrira.

Zuhaitzek Bixente ezagutuz hasiko du eguna. Bixentek egunero-egunero jaten du arraina gosaritarako. Dela legatza, dela zapoa, dela txitxarroa, Bixentek hogei urte baino gehiago daramatza arraina gosaltzen. Horretaz gain, garai batean hain ohikoa zen jakia ere gosaltzen du: artirina esnetan bustita. Amorotoko baso inguruetan, berriz, Karlos ezagutuko du Zuhaitzek. Karlosek bizi osoa eskaini dio basoari. Ume-umetatik hasi zen basoan aitari laguntzen eta gaur egun ere basoan ematen ditu orduak. Hemendik eta hamar urtera bitarteko egurra txikitua du Karlosek. Ez du egur gehiago zertan zatitu, baina basoa pasio duenez, ezin dio egurra txikitzeko bulkadari eutsi. Basoak hainbat gauza kendu dizkio, baina are gehiago jaso du. Ugaran auzora mugituta, Zuhaitzek Maria ezagutuko du, Klaudio jatetxean urte luzez lanean aritutako emakumea. Maria gaur egun erretiratua dago, baina jatetxeko sukaldean ematen ditu orduak, hain baitu erreginen gisako tronu partikularra. Mariak telebista ikustea maite du. Athleticen partidak gustatzen zaizkio, baldin eta talde zurigorria irabazlea bada; bestalde, boxeoa ikustea izugarri maite du, batez ere, borrokalariak K.O bat eginda lurrera erortzen baldin badira. Bukatzeko, Musikortan izango da Zuhaitz, baserriko korta batean eraikitako musika estudioan. Jota izeneko amorotarra da estudioaren jabea eta bertan egiten du lan diskoak grabatzen. Jota euskal musikako altxor txiki bat ari da zaharberritzen: Hego Euskal Herriko grabazio-mahairik zaharrenetakoa. Mahai horretan grabatu ziren besteak beste Itoiz, Errobi, Mikel Laboa, Ruper Ordorika edota Oskorriren hastapenetako hainbat disko. Zaborretarako bidean aurkitu zuen grabazio-mahaia, eta, orain, bizi berri bat eman dio.

Pagadik Ramon ezagutuz hasiko du eguna. Ramonek Amorotori buruzko hainbat bitxikeria kontatuko dizkio. Amorotoko udal hauteskundeak bereziak dira oso. Amorotarrek osatutako Herri Kandidaturak agintzen du bertan betidanik. Ez dago siglarik ezta ohiko alderdi politikoentzako tokirik. Horretarako hiru itzuli izaten dituzte udal hauteskundeek. Lehenengoa auzo bakoitzeko ordezkaritza bermatzeko, bigarrena udal zerrenda onesteko, eta hirugarrena, onetsitako zerrenda legediaren aurrean bermatzeko. Maiderrekin, berriz, Amorotoko zenbati etxetan dagoen misterioa ezagutuko du Pagadik. Maiderrek 58 zenbakia paper zuri baten gainean idatzi, eta horman eskegitzen du. Berak dioenez, teknika hori baliagarria da eltxoak uxatzeko. Zintzo herritarrarekin berriz, bataio bat egingo du Pagadik. Amorotoko jaietan txahala erre ohi dute urtero, eta Zintzok izan ohi du txahal hori urtero hazteko ardura. Izen bereziak jarri izan dizkie urtero, eta aurtengo txahala Pagadirekin batera bataiatuko du. Igorrekin, berriz, Team Penning kirola zer den ikasiko du. Cowboy dohaintsuenen antzera, zaldi gainera igo eta behiak batetik bestera gobernatzean datza. Pagadi bera cowboy jantzita ikusteko parada ere izango dugu. Azkenik eta bukatzeko, Asier ezagutuko du Pagadik. Asier eta bere lagunartea 'Kornerrekuk' ezizenez dira ezagunak. Herriko ostatuko ertz batean egoten dira beti eserita, alegia, cornerrean, hortik izenarena. Pagadik, gainera, 'Kornorrekuk' taldeko kide egiteko ohorea izango du

Historia hauek eta gehiago, gaur izango dira ikusgai, 22:00etan, ohi bezala, ETB1en eta eitb.eus-en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea