Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

Urdiain, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi'n

EiTB

Autoeskolako auto batean iritsiko dira Zuhaitz eta Pagadi Nafarroako Sakanako herrira

0:24

Gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Nafarroako Sakanara joango dira Zuhaitz eta Pagadi, Urdiainera zehazki. Saio askotan ibilgailuak hondatzen aritu ostean, azkenik autoeskolako auto batean iritsiko dira bertara.

Zuhaitzek Valentin ezagutuz hasiko du eguna. Valentinek badu egunero-egunero betetzen duen ohitura bitxi bat: sei arrautza inguru jaten ditu egunero. Bere esanetan, arrautza ez da esaten den bezain txarra osasunerako. Gordinik ere jaten ditu tarteka. Valentinek dioenez, arrautzarik gabe, akabo mundua! Martinen eskutik, berriz, eguneko bigarren gosaria egingo du Zuhaitzek. Martin arrautza ekoizlea da. 250.000 oilo inguru ditu arrautzatarako, eta, Valentin bere lagunak bezala, egunero arrautza jatea sanoa dela dio. Hori bai, Martinek, Valentinek ez bezala, ez du arrautza gordinik jaten, arriskutsua izan daitekeela baitio. Zuhaitzek, Valentinekin tortilla jan ostean, arrautza frijituak jango ditu Martinekin. Bixenteren etxean, aldiz, otordua prestatuko du Zuhaitzek. Bixentek egunero hartzen du bere gain bazkaria prestatzeko ardura. Kunkuna egiten lagunduko dio Zuhaitzek Bixenteri, babarrun eltzera ongailu gisa botatzen den tipula arrautzopila, zehatz esanda. Eguna Zelestino eta Junkal ezagututa bukatuko du Zuhaitzek. 50 urte baino gehiago elkarrekin ezkonduta daramatza bikoteak, baina, hori bai, xextran ere aritzen dira sarri. Junkalek telebistako telenobelak ikustea du gustuko; Zelestinok, aldiz, ez. Madrilera egindako azken bidaian ere argi geratu zen gustu diferenteak dituztela. Junkali asko gustatu zitzaion Lehoi erregea emankizuna; Zelestinori ez, ordea, bertan lokartu baitzen.

Pagadik Josefina ezagutuz hasiko du eguna. Josefina Urdiango Errotain etxean bizi da betidanik. Etxe berezia da berea, garai bateko ur-errotaz gain, zentral hidroelektriko txiki bat ere baitaukate bertan. Garai batean, bere etxeko errotari esker hornitu ziren elektrizitatez Urdiaingo etxeak. Baita Iturmendi eta Bakaikuko etxeak ere. Juan Andresen eskutik, aldiz, ardo beroa probatuko du Pagadik. Juan Andresek egunero irakiten du ardoa. Alkohola kenduta eta azukrea gehituta, eztarria zaintzeko edaria lortzen du hartara. Gizon abila da Juan Andres: dardotan iaioa da, gitarra jotzea du gustuko eta etxean bertan makina bat asmakuntza egin izan ditu. Bere esanetan, ohea toki mesedegarria da ideia berriak sortzeko. Bidean aurrera eginda, Miguel Andres ezagutuko du Pagadik, garai batean borroka libreko borrokalaria izandako urdiaindarra. Miguel Andres mundu zabaleko hainbat herrialdetan aritu da borroka libreko ikuskizunak eskaintzen. Garai bateko borroka-giltzak nola egiten diren erakutsiko dio Pagadiri. Horretaz gain, berebiziko aholkua ere emango dio Miguel Andresek: ez da sekula borroka bat hasi behar; hobe da bigarren kolpea jotzea. Urdiaingo iturrietako batean, berriz, Julian ezagutuko du Pagadik. Julianek 'Ur goiena, ur barrena' ohitura zer den azalduko dio Pagadiri. Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, Urdiainen urte berria ez da mahats aleak janda hasten. Urdiainen, urte berria, iturriko ura pitxer batean bilduta, koplak abestuta eta ura agintariei emanda hasten da beti.

Historia hauek eta gehiago, gaur izango dira ikusgai, 22:00etan, ohi bezala, ETB1en eta eitb.eus-en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.