Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Bertsolaritza

15:00etan itzuliko da 'Hitzetik Hortzera' saioa

A.E.|EiTB

Formatua berrituta dator eta, denboraldiari ekiteko, Alkiza, Donostia eta Heletako bertsoaldirik onenak eskainiko ditu, Joana Itzaina Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakaria gonbidatu dela.

0:17

Gaur itzuliko da 'Hitzetik Hortzera' ETB1eko pantailara. Azkeneko denboraldietako ordutegian izango da ikusgai, bazkalostean alegia, 15:00ak inguruan.

Formatua berrituta dator programa, gainera. Astero-astero gonbidatu bat izango da denboraldi honetan, eta bere berri emateaz gain, bertsoarekin duen loturaz eta, orokorrean, bertsolaritzaz ere jardungo da. Astea joan eta astea etorri, beraz, gonbidatu baten talaiatik jasoko dute plazako jarduna.

Programak, azalberritu arren, mamiari eutsi egingo dio, hala ere. Ohikoa den moduan, bertso-plazetan jasotako bertsoaldi onenak ekarriko ditu 'Hitzetik Hortzera' saioak astero, eta bertsoaldi historikoek ere izango dute bere lekua. Horrez gain, udazkenean martxan jarri diren Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketan eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketan botatako bertsorik onenak ere bilduko dituzte.

Joana Itzaina, lehenengo gonbidatua

Lehendabiziko programan, Joana Itzaina izango da gonbidatua. Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakari da Joana. Etxean jaso zuen bertsotarako zaletasuna, aita gai-jartzaile aritu baitzen, eta bertso-eskolan ere ibili izan zen gaztetan. Bertsolaritzan izandako bizipenen berri emango digu, eta Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketaz eta Ipar Euskal Herrian bertsolaritzak duen egoeraz ere ariko dira berarekin. Horrez gain, ofizioz ortofonista izanik, bertsolarien kantaeraren xehetasun batzuk ere azalduko ditu.

Baina, ohikoa den moduan, plazako jardunak beteko du programaren zatirik zabalena. Lehenengo programarako, hiru saiotan izan ziren 'Hitzetik Hortzera' saioko kamerak: Donostian, hilaren 3an, Jexux Mari Irazu, Jon Maia, Igor Elortza, Oihana Iguaran, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio aritu ziren kantuan; Alkizan, hilaren 8an, Sebastian Lizaso, Agin Laburu, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus; eta Heletan, hilaren 11n, Uxue Alberdi, Odei Barroso, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Saio horietako bertsoaldi onenak izango dira ikusgai igande honetan ETB1en eta nahi duzuenean EiTB Nahieran-en.