Itxi

Izan Invictus

Izan Invictus

Izan Invictus

5. atalaren laburpena

'Izan Invictus'eko talde urdina ahulago dago Amaia kanporatu baitute

Manu Maritxalarrek saioa utzi behar izan du besoko lesioagatik, eta talde urdinak kide bat gutxiago du orain.

Lizarrako Amaia izan da lehiaketa utzi duen azken urdina. Ile-apaintzailea kostata aritu da upel pisutsuari bultzaka Leitzarango basoko aldapa gogorretan gora. "Izan Invictus"en 5. ataleko kanporatze proba Eyerrenek irabazi du. Lesakarrak haserre hasi du jokoa, besoko minagatik eta Ismael Mateok bera aukeratu duelako duelurako, baina burdinazko entrenatzaileak ikusi nahi zuena erakutsi du proban: irabazteko sua eta grina, minez egonda ere.

Desafio liskartsua jokatu dute bi taldeek, gorriek Isma kapitain zutela, Manu Maritxalarrek lehiaketa utzi egin behar izan baitu besoan ebakuntza egiteko.

Probaren azalpenak Larrea gorriak eta Itziar urdinak entzun dituzte, eta bakoitzaren erantzukizuna izan da bere taldeei desafioaren nondik norakoak ongi azaltzea.

Urdinak gorrien atzetik egon dira denbora osoan, baina bukaeran jokoa irabazteko zorian egon dira; izan ere, Larreari erabat ahaztu zaio zer egin behar zuten. Seletak kristorenak esan dizkio Larreari hanka-sartzearengatik; Julianen azalpenak ondo jaso ez dituelako, alegia.

Gorriak geldirik geratu dira probaren azken metroetan, zer egin ez zekitela, eta urdinak, Itziar gidari zutela, Julianek emandako azalpenak txintxo bete dituzte eta desafioa aurretik bukatzear egon dira. Baina Ismaren taldeak, azerikeria handiz, urdinak zer egiten ari ziren ikusi du eta azkarrago igo du garaikurra hartzeko igaro behar zuten horma. Gainera, borrokan, Nekanek min hartu du lepoan, eta urdinek ezin izan dute guztiek batera bukatu proba.

Jokoaren ostean, eztabaida gogorra izan dute Alexek eta Seletak. Zaila da esaten zenbat maldizio eta birao esan dituen Oriokoak berriatuarraren jokoaz, eta mehatxuak ere entzun dira.

Kontuak kontu, hamaiketako goxoa berriro gorrientzat. Urdinek, berriz, Gorrotxak asmatutako lastozko "secadero pajillero" bat prestatu dute gaua basoan pasatzeko.

Alex kapitainak maldizio gutxiago esan eta estrategia gehiago prestatu beharko du taldea desegitea nahi ez badu.

Ez galdu "Izan Invictus", asteazkenetan, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en. Gainera, orain arte emandako atalak EiTB Nahieranen daude ikusgai.