Itxi

sautrela

15:00ean

Karmele Jaioren lehenengo poema liburuaz, gaurko 'Sautrela'n

EITB

Horrez gain, erreportajeak erotismoa izango du mintzagai, eta Beñat Sarasolak Joxean Sagastizabalen Jolasean liburua ekarriko du gogora.

3:56

Aste honetako 'Sautrela' saioan azken urteotako gure idazle arrakastatsuenetako bat izango dute protagonista. Bere lehenengo poema liburua idatzi du Karmele Jaiok, Orain hilak ditugu, eta liburuaren karietara elkarrizketatuko du Hasier Etxeberriak. Narratiba lanengatik da ezaguna Jaio, bere ipuin eta nobelengatik, baina oraingoan generoz aldatu zaigu poema liburu soil eta zuzen bat idazteko. Normalean alderantziz izaten da ohikoena idazle askoren ibilbidean, poesiarekin hasi eta ondoren etortzen dira nobela eta enparauak; nolatan egin du horrela Jaiok? Nola sortu ote zaio orain poesiarako bulkada hori? Horretaz guztiaz mintzatuko dira idazle gasteiztarrarekin.

Erreportajean, erotismoa izango dugu mintzagai. Literatura erotikoa urria izan da gurean, eta, saio honetan, bere historiari buruz jardungo dugu. Zeintzuk dira gure literatura erotikoaren erreferenteak? Zergatik literatura erotikoaren urria gurean?

Azkenik, eta literatura erotikoaz ari garela, Beñat Sarasolak Joxean Sagastizabalen Jolasean liburua ekarriko digu. 1983an ikusi zuen argia nobelak, eta gure literatura erotikoan mugarri bat ezarri zuen. Askok literatura erotikoaren aitzindaritzat dute Sagastizabalen lan hau.

'Sautrela' gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en.