Itxi

sautrela

15:00etan

Iban Zaldua, Loraldia eta 'Meshes of the afternoon', gaur, 'Sautrela'n

A.E.|EiTB

(Euskal) literaturaren alde (eta kontra) liburuaz arituko da Zaldua Beñat Sarasolak egingo dion elkarrizketan.  

3:30

'Sautrela' saioan Iban Zaldua elkarrizketatuko du gaur Beñat Sarasolak. Gure arteko ipuingile nabarmenetakoa izateaz gain, luze eta zabal idatzi izan du Zalduak literaturaren beraren inguruan. Aurretik literaturari buruzko bere hausnarketak biltzen zituzten bi liburu zituen argitaratuak: Obabatiko tranbia eta Animalia disekatuak. Oraingoan, sorta horretako hirugarrenarekin etorri zaigu, azken urteotako artikulu, dekalogo eta bestelako testuak biltzen dituena: (Euskal) literaturaren alde (eta kontra). Elkar argitaletxeak publikatua, literaturaren inguruko gai ugari jorratu ditu: midcult literatura, literatur klubak, euskal literaturaren ajeak, dohainak... Seguru irakurleari zer pentsatua eragingo diotela, denak ere Zalduaren ohiko luma zoli eta (batzuetan) mikatzez idatziak baitira. Larunbat honetako elkarrizketan, beraz, Zaldua eta literaturaren inguruko bere hausnarketak izango ditugu protagonista.

Erreportajean literatura ikuskizun bilakatzeaz jardungo dira Loraldia jaialdiaren karietara. Urtero udaberriarekin Bilbon loratzen zaigun kultur jaialdia dugu, eta ikusiko dugu ze modutan gauzatu litezkeen literatura oinarri duten ikuskizunak. Hitzaldiak, elkarrizketa, errezitaldiak, irakurketa publikoak... literatura liburuetako kontua dela badirudi ere, bada beste hamaika modu oholtza gainera eramateko. Horretaz guztiaz hitz egingo digute bada Imanol Agirre jaialdiko arduradunak eta Lutxo Egia idazleak.

Saioaren bukaeran Lur Olaizola etorriko da zinemaz eta literaturaz mintzatzera. Oraingoan Maya Deren zinemagilearen pieza esperimental bat izango du hizketa gai, 1943ko Mashes of the afternoon klasikoa. Pieza berezi eta iradokitzailea, surrealismotik baduena, baina, era berean, bide berriak irekitzen dizkiguna. Amaitzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak izango ditugu halaber.

Hau guztia gaur izango dugu ikusgai, 15:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.

B1en.