Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

Ingurumen Kazetaritzako Saria

'Teknopolis'ek 2017ko Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako saria irabazi du

Begoña Zubia eta Eider Carton kazetarien 'Gau bat muturluze piriniotarraren atzetik' erreportajea saritu dute.  

0:21

Euskal Telebistako 'Teknopolis' saioak jaso du 2017ko Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako saria. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eman die 2017ko golardoa Begoña Zubia eta Eider Carton kazetariei, Gau bat muturluze piriniotarraren atzetik erreportajearengatik.

Sari gorena irabazi duen erreportajean Artikutzako eremu nafarrean habitatak berreskuratzeko egiten ari diren lanak aurkeztu zituzten, zehazki, muturluze piriniotarra berreskuratzeko. Haren ezaugarri genetikoak eta anatomikoak direlaeta oso animalia berezia da, eta galzorian dago.

Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako hirugarren edizio honetan, prentsan, irratian eta telebistan egindako lanen sei hautagaitza jaso dira, eta jardunean dauden kazetari profesionalen epaimahai batek aztertu ditu. Urtero egiten dute sariaren deialdia Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Ihobe sozietate publikoak. Helburua Euskal Autonomia Erkidegoko komunikabideetako profesionalek ingurumenaren-balioak ezagutzera emateko eta gizartean jasangarritasunaren kultura sustatzeko egiten duten lana saritzea da.

1999an estreinatu zuen Euskal Telebistak 'Teknopolis' programa. Hasieratik, saioaren helburu nagusia ikusleei zientzia eta teknologia gaiak era hurbilean azaltzea izan da. Gaur egun, aldaketa handiak izaten dira teknologia eta zientziaren esparruan, eta hori dela eta, saioak ikerketa, aurkikuntza eta aplikazio berrien informazioa zabaldu nahi du protagonisten eskutik.

Bere ibilbidean 'Teknopolis'ek hainbat sari eta aipamen berezi jaso ditu, tartean, Robotiker Kazetaritza Sarien aipamen berezia; III. Tecnalia Kazetaritza sarietako akzesita; Bizkaian Ekin saria, zientzia-dibulgazioaren Europako telebista programa onenaren saria; Bioteknologiaren komunikazioaren eta dibulgazioaren Asebio/Genoma España saria eta beste asko.

Gaur osteguna, ekainak 22, banatuko dituzte 2017ko Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako III. Sariak, Bilboko Yimby gunean, 19:00etan.