Itxi

Tribuaren Berbak

Tribuaren Berbak

Tribuaren Berbak

22:25ean

Pirinioetako euskara, 'Tribuaren Berbak' saioan

"Pirinioetako euskara biziberrituz" izeneko saioan, Kike Amonarrizek Erronkaribar, Zaraitzu eta Aezkoa ibarrak bisitatuko ditu gaur gauean, 22:25ean, ETB1en.

0:33

Euskal Herriko mapan, ekialdera joko du "Tribuaren Berbak" saioak gaur gauean (ETB1, 22:25). Kike Amonarrizek Erronkaribar, Zaraitzu eta Aezkoa bisitatuko ditu, eta euskarak gaur egun ibar horietan duen egoera aztertuko du hango hainbat lagunekin batera.

Ibilaldia  Erronkaribarren hasiko du, Burgin, hain zuzen. Han, David Lalana euskara teknikaria elkarrizketatuko du. Harekin batera, Erronkaribarreko eta Zaraitzuko euskararen egoerak aztertuko dituzte. Bidaian aurrera eginez, hurrengo geltokia Erronkari izango da. Alberto Angos barakaldarra ezagutuko du han, eta bizkaitarrak erronkarieraren ezaugarriak azalduko ditu. Bere ahotik entzungo dugu Julian Gaiarre abeslari famatuak bere izebari erronkarieraz idatzitako gutuna. Erronkaritik mugitu gabe, bertako eskolako Susana Lusar irakasleak hitz egingo digu orain 20 bat urte ezarritako D ereduak euskararen erabileran izandako ondorioez. Kike Amonarrizek ez du aukerarik galduko, eta eskolako gela batera sartu, eta hainbat galdera egingo dizkie ikasleei.

Izaban, Erronkaribarreko Kebenko euskara taldearen berri emango du saioak. Koldo Viñuales elkarteko kidea da, eta berak azalduko ditu taldearen zereginak eta ahaleginak. Furgoneta hartu, eta Uztarroze aldera egingo du Kike Amonarrizek. Han, Jone Alastuey ezagutuko du. Jone Fidela Bernaten birbiloba da, erronkarieraz mintzatu zen azken hiztuna.

Erronkaribar utzi, eta Zaraitzun sartuko da saioa. Itzaltzun, Mauri Sancet eta Maite Aranburu bikotea herriko euskararen egoeraz ariko da, eta Amaia Saldias otsagabiarrak Gartxot ekimena taldearen lana azalduko du.

Aezkoan euskarak bizi duen egoeraz Xamar irakasleak hitz egingo du Abaurregainetik, eta Ion Retegi gazteak azalduko du aezkera berreskuratzeko Zerika taldearen bidez egiten ari diren lana Aria aldean, eta hango euskara bertako hainbat bizilagunen bidez entzungo dugu.

Eduki interesgarriak ez ezik, toki ikusgarriak ere erakutsiko ditu "Tribuaren Berbak" saioak.

"On egin dagiola euskarari!"

Datorren programan, Kike Amonarrizek gastronomia eta euskararen artean zer lotura dagoen jakin nahiko du. Horretarako, hainbat toki bisitatuko ditu: Ordiziako azoka, Leioako Ostalaritza Eskola, Basque Culinary Center eta Hilario Arbelaitzen Zuberoa jatetxea, besteak beste. Jateko moduko saioa!

o moduko saioa!