Itxi

Tribuaren Berbak

Tribuaren Berbak

Tribuaren Berbak

Gaur, 22:25ean

'On egin dagiola euskarari!', gaur gauean, 'Tribuaren Berbak' saioan

EiTB

Gure sukaldaritza zein neurritaraino den euskalduna aztertuko du Kike Amonarrizen saioak gaur, 22:25ean, ETB1en.

0:32

Gastronomiak eta euskarak duten harremana nolakoa den aztertuko du gaur (ETB1en, 22:25ean) Kike Amonarrizek 'Tribuaren Berbak' saioan. Horretarako, hainbat tokitara joko du. Lehena Ordiziako azoka izango da. Han, Edurne Jauregi baserritarrarekin hitz egingo du, saltzaile eta erosleen artean gehien entzuten den hizkuntza zein den jakiteko.

Bilboko Gargantua bisitatu ondoren, Kike Amonarrizek Nekane Garmendia arrain-saltzaile urnietarra elkarrizketatuko du: ezagutzen al ditugu arrainen euskarazko izenak?

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean 1864an Baionan argitaratu zen Escualdun cocinera, ceinarekin nornahic cocina ona errechki eguin baiteçake errezeta liburu zaharra ezagutuko dugu: polita eta bitxia oso!

Euskarak izarren sukaldeetan duen presentziaz hitz egiteko, aurkezle tolosarra Hilario Arbelaitzekin elkartuko da. Sukaldari oiartzuarrak Zuberoa jatetxean euskarak duen tokia azalduko digu.

Zuberoa jatetxeko sukaldetik, sukalde handiagoetara: Leioako Ostalaritza Eskolara eta Basque Culinary Center-era. Lehenengoan, Fernando Elkoroiribe irakasleak Leioako eskolan euskaraz ikasteko eskaintza zein den argituko digu. Bigarrengoan, Joxe Mari Aizega BCCko zuzendari nagusia eta Alex Beitia zuzendari akademikoa eskola entzutetsuan euskarak duen presentziaz ariko dira.

Eta zer gertatzen da merkataritzan? Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuburua "Merkataritza eta Ostalaritza ere euskaraz" ekimenaz mintzatuko da.

Imanol Ibero nafarrak Errigora egitasmo interesgarria azalduko du, Oibarren duen upategitik. Besteak beste, produktuak zein hizkuntzatan etiketatzen dituzten galdetuko dio Kike Amonarrizek, eta horretaz legeak zer dioen argituko digu Iñaki Agirreazkuenaga Zuzenbide Administratiboko katedradunak.

Programa 'Txoriene ETBko sukaldaritza saioko platoan amaituko da. Han, Alberto Arizkorreta zuzendaria eta Zigor Iturrieta sukaldari eta aurkezlea euskarazko hiztegia osatzeko egin duten lanaz mintzatuko dira.

Goierri: muin eta motore

'Tribuaren Berbak' saioak Goierri bisitatuko du hurrengo astean. Betidanik eskualde euskaldunenetako bat izan da, eta gaur egun euskarak han duen osasuna aztertuko du Kike Amonarrizek.